Valladolidetik (Espainia) Madrilera doan abiadura handiko trenbidea baliatzen dute Alvia trenek bidea egiteko. Zati horretan orduko 250 kilometro gehienezko abiadura hartzen du trenak. Hori dela-eta lortu du Renfek bidaiaren iraupena gutxitzea. Eta hori dela-etaAHTren aurkako zenbait kidek protesta egin zuten Bilbon, lehen bidaian, haren aurka. Euskal Herriko lurretan, ordea, ohiko abiaduran joaten da trena: orduko 160 kilometro, gehien-gehienez.
Izan ere, abiadura handiko trenbidean nahiz ohiko trenbide sarean ibiltzeko egokituta daude Alvia trenak, batetik besterako aldaketa gelditu behar izan gabe automatikoki eginez -eta, bide batez, 20 bat minutu gehiago aurreztuz-. Lehen, Bilbotik Madrilerako bidaia trenez sei ordu eta hamar minutuan egiten zen; orain, lau ordu eta 50 minutu behar dira Alvia trenarekin: ordu eta hogei minutu gutxiago, alegia. Donostiatik Madrilerako bidea, berriz, ordubete gutxiagoan egin daiteke orain, eta Gasteiztik abiatuz gero, berriz, lehen baino 55 minutu gutxiago emango ditu bidaiariak trenean.
Egunero tren bana abiatzen da Donostiako eta Bilboko geltokietatik, eta Gasteiztik igarotzen da Donostiatik ateratakoa. Helmuga bera duten Talgo eta Intercity trenak bere hartan mantendu badituzte ere, Madrilerako gaueko tren zerbitzua eskaintzeari utzi dio Renfek. Trenean bertan lo egiteko aukera ematen zuen zerbitzu hark. Dena den, Euskal Herrirako Renferen Komunikazio arduradun Alvaro Etxanizen hitzetan, erabiltzaile gutxi kexatu dira hori dela eta. Horren aldean, egunerokoan Madrilera joateko trena erabiltzen duten bidaiarien kopurua «asko» handitu dela nabarmendu dio BERRIAri. Gabonetan, esaterako, bidaiari kopurua bikoiztu egin zen, aurreko urteko Gabon egunekin alderatuta. «Tren ona da: ordu eta 20 minutu aurrezten duzu; berria eta erosoa da, eta jendeak eskertu egiten du zerbitzu onak eta berriak eskaintzea».
«EROSOTASUNA» ERAKARGARRI. Talgo eta Bombardier etxeek eginak dira tren berriok. Buruan eta atzealdean doazen bi makinez eta 299 lagunentzako tokia duten 11 bagoiz osatzen dira Alvia trenak. Mugikortasun arazoak dituztenentzat egokituta daude, halaber. Barrualdean ere sumatzen da berritasunik: aire girotuaz eta bideo sistemaz gain, tresna elektronikoentzat entxufe bana dute eserlekuek, esaterako. Lehen klasean bidaiatzen dutenei gosaria, bazkaria edo afaria ere eskaintzen die Renfek, egunkariez gainera. «Berria da hori guztia eta bidaiaren kalitatea eta erosotasuna da, azken finean», Etxanizen hitzetan. Erosotasun hori da, haren ustetan, bidaia azkarragoa izatearen atzetik bidaiariak erakarri dituena.
Tren gehiagorekin zerbitzua handitzeko asmoa du Renfek
Egun, Alvia tren bana ateratzen da egunero Bilbotik eta Donostiatik; Donostiatik ateratzen dena Gasteizen geratzen da. Beraz, hiru hiriburuotan aukera bakarra dute bidaiariek tren berria hartzeko. Madrildik, berriz, bi tren irteten dira egunero: bata Bilbora, eta bestea, berriz, Gasteiztik pasata Donostiara. Hori Hendaiaraino (Lapurdi) iristen da egun.Dena den, eta epe zehatzik ez badago ere, tren gehiagorekin zerbitzua indartzeko asmoa du Renfek, Etxanizek BERRIAri esandakoaren arabera. Izan ere, «udaberri aldera, edo uda baino lehen behintzat bai», abiadura handia iritsiko da Bartzelonara (Herrialde Katalanak). Hartarako trenak jartzean, orain bertako zerbitzuan baliatzen dituzten hainbat tren hona ekartzeko aukera egongo da.