Alzheimerraren diagnostikoa zirrikiturik gabeko kondena da oraindik gizartean hedatuen dagoen iruditerian. Urteotan ugaritu egin dira, ordea, eritasunari aurre egiteko bide berrien inguruko albisteak, eta horien ondorioz sortutako galdera berriak. Esaterako, baimenduta daude gaur egun gaitzaren eboluzioa moteltzea lortzen duten bi farmako —donanemab eta lecanemab— eta merkatuan daude, baina arras garestiak dira, eta osasun sistema publiko gehienek erabaki dute ez preskribatzea. Berriki jakin da, adibidez, Espainiako Osasun Ministerioak botika konpainiekin negoziatzen jardun duela, baina ez dute akordiorik lortu. Frantziako osasun sistema publikoak ere ez die aterik ireki. Ondorioz, farmako horiek egun ezin dira Euskal Herriko osasun sistema publikoetan preskribatu, eta soilik osasun sistema pribatuaren bidez eskura daitezke. Dozenaka mila euro ordaindu behar dira horretarako; Alemaniako prezioa, adibiderako: urte eta erdiko tratamenduarengatik eta jarraipen klinikoarengatik 55.000 euro inguru. Aditu asko esaten ari dira gaitzaren inguruko beste erronka handia dela diagnostiko goiztiarra; gaixotasunaren kontra egiteko botika eskuragarririk ezean, ordea, ez da erraza izango hor ere aurrerabide sendoak egitea, modu horretan aski zaila baita aterabiderik gabeko kondenaren irudia uxatzea.Â
Baina eritasunari begiratzeko beste modu bat hedatzen ari da. Miren Altuna neurologoa da, aditua alzheimerrean eta tankeratuko gaitzetan. Donostiako CITA Alzheimer fundazioko ikertzailea da. Londresen gaitzoi buruzko nazioarteko bilkura egin da hil honetan, eta han ikusi eta ikasitakoekin itxaropentsu etorri da: «Nahiko albiste onak dira». Harekin hitz eginda, gaitzaren inguruko zama arindu egiten da, ez da hain astuna. Alzheimerraren eboluzioa moteltzen duten botikak osasun sistema publikoen bidez ez finantzatzeko erabakia herrialde gehienek hartu badute ere, esplikatu du aintzat hartzeko moduko bestelako hautuak badirela. «Alemanian eta Austrian, adibidez, erabilgarri daude osasun sistema publikoetan». Behin-behineko era batean baimendu dituzte herrialde horietan, eta botika horiek hartzeko «hautagai idealtzat» hartzen diren pazienteei soilik jartzen dizkiete. Gero, gainera, «auditoretza» bat egingo dute ikusteko «bizitza errealean zer mesede kliniko» dakarten, eta azterketa horien emaitzen arabera erabakiko dute finantzaketa publikoarekin nola jarraitu. Hautu horren ondorioz, herrialde horietan botika jartzen hasi dira «oso espezializatuak» diren zentroetan bakarrik.
Oso herrialde gutxik txertatu dituzte botika horiek preskripzio sistema publikoan osorik: «Japonian bai, han osasun sistema publikoaren barruan daude sartuta; Arabiar Emirerri Batuetan, berriz, han sortuak direnentzat baino ez dira». Botika horiek nola hartzen diren ere kontuan hartu behar da osasun sistema publikoetan horiek sartzeko dauden zailtasunak ulertzeko. Izan ere, ez dira errezeta hartu eta botikan eskura daitezkeen pilulak. Eguneko ospitaleratzean jarri behar dira egun farmako horiek: zainetik jarri behar direnez, ordubete edo ordu eta erdi behar izaten dituzte pazienteek joaten diren bakoitzean, eta urte eta erdiko tratamenduak izaten dira. «Horrek azpiegitura jakin bat eskatzen du». Hor ere aldaketak hel daitezke aurki, ordea, AEB Ameriketako Estatu Batuetan hil honetan bertan baimendu baitute lecanemab larru azalpean jartzen hastea. Etxean bertan jarri ahal izateko modua emango du horrek.
Esperantza faltsuak
Botika garestiak direla aitortu du Altunak, eta aintzat hartu behar dela horrek eskatzen duen «esfortzua». Baina auzi etiko arazotsuak sorraraziko ditu egungo egoerak. Horiek horrela, uste du botiken sarrera «kontrolatu eta mugatu» bat egin beharko litzatekeela. Izan ere, ataka zailetan ikusiko dira aurki medikuak: «Gertatuko da, esaterako, paziente jakin bat botika hartzeko perfektua izatea, eta hari eskaini ahal ez izatea, eta, alderantziz, igual beste paziente bati, hain ideala izan gabe, sistema pribatura joan eta eskaini egingo diote, ahalmen ekonomikoa duelako». Esperantza faltsuak ere pitz ditzake egungo egoerak: «Kontuz ibili behar dugu itxaropen ez errealekin. Azken batean, gutako edonor, familian norbait gaixo daukagunean, askotan prest gaude gauza asko egiteko».Â

«Gertatuko da, esaterako, paziente jakin bat bat botika hartzeko perfektua izatea, eta hari eskaini ahal ez izatea»
Neurologoa
MIREN ALTUNA
Botika hartzeko gaixo «idealei» buruz ari da Altuna. Izan ere, gaitza atzeratzen duten botikek eragina dute gaitzaren lehen faseetan. Lausoa izaten zen lehen aro hori: antzematen zaila. Agerikoagoa da orain. «Gaur egun, askotan gaixoak berak egiten du kontsulta, ez familiak. Horrek zer dakar? Aurrez antzematen ez genuen narriadura kognitiboaren etapa ikusten dugu. Etapa oso aldakorra da: baliteke bi eta zazpi urte artean irautea. Lehen, etapa hori ez genuen ikusten».
Oraindik ere «autonomia» izaten dute pazienteek fase horretan, eta justu hori luzatzea da orain helburu behinena. «Fase goiztiar hori, zeinean pazienteak memoria arazoa duen, hitz egiteko arazoa eta orientazio arazoa ere bai, baina gai den egunerokoa autonomia maila handi batez egiteko... etapa hori luzatu egiten dute botikek, eta atzeratu egiten dute beste pertsona batzuen mendekoa izatea, baina betiere oso goiz diagnostikatutako pazienteetan, beste gaitzik ez dutenengan, eta bestelako arriskuak ere —genetikoak eta— kontuan hartuta», ohartarazi du Altunak. Orain arteko ikerketen arabera, sei hilabete inguru atzeratzen dute endekapena.
«Ikaragarrizko iraultza izan da diagnostiko goiztiarrerako tresnetan, eta, orain, egunerokoan eskura izatea falta da»
Neurologoa
MIREN ALTUNA
Horiek horrela, gero eta finago jardute aldera, diagnostikoan hobera egitea da Altunaren gisa beste profesional askoren helburuetako bat. «Tratamenduetatik aparte, hor lan handi bat dago, hau da, nola egin dezakegun diagnostiko zehatz bat etapa horiek goiz antzemateko, eta botikak emateko hautagairik egokienak aukeratzeko». Horrek ere «erronka handi bat» dakarkio osasun sistemari berari. Tresna berriak behar dira: «Orain arte familia medikuek-eta dituzten testak, adibidez, eskas geratzen dira».
Diagnostikorako probak ere garestiak eta konplexuak izan dira orain arte, eta paziente «oso hautatuei» egin zaizkie beti. Baina hor ere aurrerabide nabarmenak egin dira, odoleko biomarkatzaileen bidez ere diagnostikoak egin daitezkeelako orain, era errazagoan. Baimenduta daude, baina Osakidetza eta Osasunbidea, adibidez, ez dira hasi oraindik halakoak erabiltzen. Ekiteko garaia dela uste du Altunak. «Ikaragarrizko iraultza izan da diagnostiko goiztiarrerako tresnetan, eta, orain, egunerokoan eskura izatea falta da».