Seme-alabak zaindu. Umeez arduratu. Noraino? Non bukatzen da jakin-mina edo kezka? Non hasten da kontrola edo, are okerrago, paranoia? Emakume batek bere kasua azaldu du hedabide batean, adituen aholku eske. Bi alaba ditu, 8 eta 12 urtekoak. Maite ditu eta haien ongizatea du gogoan. Hori dela eta, umeak non dauden jakiteko aukera izan nahi luke. Hauxe proposatu die alabei: Iphone-aren bidez jarraipena egiteko modua izatea. Alaba zaharrenak onartu egin du. Txikienak, berriz, ezezko biribila eman dio amari.
Whatsappen taldea sortu nahi du emakumeak. Ez da ezer berria. Etxekoek halako bat osatzea ohikoa da egun. Bada besterik, baina. Horretaz gain, tracking moduko sistema bat erabili nahi du etengabe alaben arrastoari segitzeko. Aukera hori eskura izateko beti. Horrexek piztu du gazteenaren kezka. Asaldatuta dagoela ohartu da ama eta, orduan, elkarrekikotasuna eskaini die haurrei: haiek ere bera kontrolatzeko aukera izango dute, gura izanez gero. Horrela denak berdin. Berdin? Nork du boterea etxean? Nork besteen gaineko ardura, morala eta legala? Joko horretan emakumeak du abantaila, elkarrekikotasuna mugatua baita. Etxean hierarkia bat dago eta ama ez dago beheko postuan.
Adituek iritzia eman diote andreari. Funtsean, bat etorri dira hirurak: alaba txikienaren kontrako iritzia errespetatzea da onena. Herbert Renz-Polster pediatra eta ume-heziketari buruzko zenbait libururen egilearen arabera, amak ondo serio hartu beharko luke alabatxoaren ikuspuntua. Izan ere, bere borondatearen aurka kontrolatua izatearen sentsazioa izango luke umeak. Hori «kolpe handia» izango litzateke, batez ere amarekin duen erlazioari begira. Haren ustez, aitarekin eta amarekin pausarik gabe lotura izateak ez die haurrei laguntzen independente bizitzen ikasten. «Konfiantza behar da printzipio moduan». Eta konfiantzarik ez badago, mesfidantzak betetzen du horren hutsunea.
Arlo hori lantzeko gomendatu dio Nora Imlau-k, familia gaiak jorratzen dituen kazetari eta idazleak, amari. Segurtasun sentsazioa izateko, beste modu batzuk bilatzeko esan dio: «Zure alabak telefono sinple bat izan dezake eta etxera doanean deitu diezazuke. Edo emotikono espezifiko bat bidali. Ziur nago alabarekin lasaitasunez konektatuta egoteko modua aurkituko duzula, telefonoan haren mugimendu guztiei jarraitu gabe».
Jacinta Nandi aditua antzera mintzatu da. «Oso deseroso» sentitzen da «norbaiten nondik norakoen berri beti jakitearen ideiarekin». Umeekin ez ezik, hala jokatzeko baimena ematen duten helduekin ere gertatzen zaio. Eta galdera egin dio ama kezkatuari: «Gure seme-alabek etengabe zelatatuak izatea normala dela pentsatu beharko lukete, ezin dutela urrats bakar bat ere egin beste norbaitek zuzenean jarraitu gabe? Ez nago horretaz ziur».
Ideia «beldurgarri eta distopikoa» iruditzen zaio Nandiri. Halaxe eraikiko dugu etorkizuneko gizartea? Gainera, kontrol mota hori ez dago soilik umeen esparruan. Helduen artean ere hedatzen ari zaigu. «Zerbait gertatzen bazaizu, berehala jakiteko». Egitasmo ona, baina aitzakia marmarrean aritzeko. Kuxkuxean, edonoiz telefonoa hartu eta bestea non den ikusteko. Eta lagunak telefonoa itzaltzen badu, zerbait ezkutatu nahi bide du. Maitasun ezaugarria ala kontrol izugarria?
Elkar kontrolatzea proposatu die amak alabei. Zertarako? Neskatoen lehenengo hitzorduen berri izan nahi luke noizbait? Live, streaming-ean? «Zer edaten ari zara? Zerbait egin dizu? Kontuz horrekin, ez du itxura onik eta». Emakumeak ez du argi esan, baina baliteke orain bikotekiderik ez izatea. Aita-semeak tabernan daude, ama-alabak jokoan —mutikoa senar ohiarekin bizi da—. Hala balitz, besterik gabe onetsiko luke alabak berdin egin eta lehen hitzordua zuzen-zuzenean gidatzea? «Zu bai klasikoa, ama! Hor geldi, ezer ere egin gabe! Ez dakizu lehen musua eman baino lehen seinale batzuk bidali behar dizkiozula gizonari ausartu dadin? Ligatzea ahaztu zaizu?». Ez dakit, ba.