Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Galdera zuzena

Amaia Fontang

Sindikalista

2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
1. Zer interesekin begiratzen diezuEusko Legebiltzarrerako hauteskundeei?

2. Bakegintzan eta normalizazio politikoaren bidean aitzina egiteko balioko ote dute?

3. Ipar Euskal Herriarentzat zer garrantzi dute?

3. Ondoriorik izanen ote da Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harreman sozioekonomikoetan?

1.Interes handiarekin begiratzen diet hauteskundeei, lehenik eta behin, egoera berezia dugulako Euskal Herrian. Oroitarazi behar da aitzineko hauteskundeetan ezker abertzalea ez zela aurkezten ahal. Egoera politiko berezi batean gara, ETAk ekintza armatuak utziz geroz lehen autonomikoak direlako. Interes handia dute emazte bat presentatzen delako ezker abertzalearen izenean, eta espero dut lehendakari izanen dela!

2.Bai, dudarik gabe, lehenik eta behin zerrenda guztiak aurkezten ahal direlako; hori normalizaziorako elementu bat da, dudarik gabe. Bestalde, Parlamentua nolazpait elkarrizketa gune bat da, eta hor barnean izanen diren urratsak eta erabakiak izan daitezke normalizaziorako elementu.

3.Euskal Herriaren zati bat gara, noski, eta Frantziako estatua ere gatazkan partaide da, izan errepresioan, izan Ipar Euskal Herriaren izaera ukatuz. Beraz, Hego Euskal Herrian gertatzen dena eta bereziki normalizaziorantz egindako urrats guztiak ontzat hartu behar dira Ipar Euskal Herriarentzat ere. Militanteok aparte, kargudun batzuk ere hasi dira Hego Euskal Herriari begiratzen; horrek erakusten du momentu historiko batean garela.

4.Batetik,ezker abertzalearen barnean badira harremanak aspalditik ekonomia eta sozial arloan. LAB nazio sindikatu bat da. Bestetik, orokorki, egoera berri bat ikusten dugu azken 10-15 urteetan. Hemengo kargudunek hartu dute kontzientzia ez dela mugarik, eta mugaz gaindiko harremanak garatuz dabiltza. Ezin dute gehiago ukatu Hego Euskal Herria; ezagupen ekonomiko bat bada nolazpait. Orain hirugarren fasera pasa behar dugu; egitura bereziak eraikitzeko garaia dugu. Eta hori ez bakarrik politika eta instituzio arloan , baizik eta sozioekonomia arloan ere. Egoera sozioekonomikoa landuko duen, zifrak lortuko dituen, eztabaidak eramanen dituen eta negoziazio kolektiborako gune berezi bat ekarriko duen tresna behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.