Atzo hasi ziren VI. Foro Soziala egiten Iruñeko Planetariumean, eta gaur amaituko da azken saioa Donostiako Kursaal jauregian. Azken foroa da, urtarrilean iragarri baitzuten bidea amaitutzat emango zutela. 09:30ean hasi da, eta BERRIA zuzenean ari da ematen, soinu eta irudiaren bidez. Eneko Callek aurkeztu du.
Eneko Goia Donostiako alkateak zabaldu du saioa. Ondoren, adiskidetzea Kolonbian nola egin zuten azalduko du Gerson Ivan Arias Ortiz Kolonbiako Egiaren Batzordeko elkarrizketa sozialerako zuzendariak.
Ikusi gehiago:Veronique Dudouet: «Borondatea bada, aurreikus ditzakegu egia batzordeak»
10:15ean, Atalez atal egindako prozesu bat mahai-ingurua egingo dute. Horretan, biktima guztien eskubideez mintzatuko da Aitzpea Leizaola, ETAren armagabetzeaz eta desegiteaz Txetx Etxeberri, preso eta iheslarien inguruan Aitzol Asla, memoriaren eraikuntzari buruz Txemi Perez, eta genero Ikuspegiaz Mari Luz Esteban. Tasio Arrizabalagak bideratuko du solasaldia.
12:00etan, foroa amaitzeko ekitaldia egingo dute, eta, horretan, Brian Currin mintzatuko da Biktima guztiei omenaldia izenburupean. Amaitzeko, prozesuaren ikaskuntzak eta ondorioak azalduko dituzte Nekane Altzelaik, eta Agus Hernanek.
Bi egun
Bakea eraikitzeko prozesu berezia. Ikaskuntza partekatuak etorkizuneko erronketarako lelopean egin dute azkeneko Foro Soziala. Gizarte zibileko 120 ordezkari ziren parte hartzekoak. Bakea eraikitzeko prozesua «amaitu gabe» dagoela uste zuten Foro Sozialekoek, eta, azken saioarekin, etorkizunean horretan jarraitzeko adostasunak finkatu nahi dituzte.
Atzoko saioan Nafarroako bizikidetza demokratikoaz aritu ziren, gizarte zibilaren protagonismoa nazioartetik nola ikusi duten azaldu zuten, eta bake prozesuan hamar urteotan egin diren aurrerapenak eta konpontzeke geratuko arazoak aztertu zituzten.