Albistea entzun

Foro Sozialaren azken jardunaldiak. Veronique Dudouet. Berghof fundazioko programa zuzendaria

«Borondatea bada, aurreikus ditzakegu egia batzordeak»

Foro Sozialak egin duen lana eskertu du Dudouetek. Memoriaren arloan ikusten du orain erronka nagusietako bat.
IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2023ko martxoak 18

Gizarte zibilaren protagonismoaz mintzatu zen atzo Veronique Dudouet (Caen, Frantzia, 1977) Berghof fundazioko programa zuzendaria. Estatuen parte hartzerik gabe Euskal Herrian urte gutxian aitzinamendu handiak lortu direla uste du. Gaur amaituko dira Foro Sozialaren azken jardunaldiak.

Zer begirada duzu Euskal Herriko gatazkaren konponbideari buruz?

Zinezko miresmena dut azken hamar urteetan, hamabi Aieteko konferentziatik abiatzen bagara, izan diren foro sozial ezberdinek gatazkaren konponbidean, edo gutxienez gatazkaren ondorioetan ekarri dituzten aitzinamenduei buruz: armagabetzea, talde armatuaren desegitea, presoen gaian pixka bat eta baita biktimen arloan ere. Aitzinamendu anitz izan dira.

Zerk eragin du?

Euskal gizartearen izaera berritzaile eta tematiari dagokio, estatu mailako instituzioen isiltasuna eta jarritako oztopoak gainditu baitituzte. Beste herrialde anitzetako gatazketan esku hartzen dut, eta ez ditut usu ikusi halako aitzinamenduak hain denbora laburrean. Beharbada Euskal Herriko jendearentzat luze da, baina erran nahiko nieke gauza anitz aitzinatzea lortu dutela.

Eredu gisa aipatu izan da herritarren parte hartzea.

Duela hamabost urte Euskal Herrira egin genituen lehen bisitetan helburua zen ikustea zer ekarpen egin genezakeen ikuspegi tekniko eta estrategiko batetik; gaur egun, Euskal Herrira natorrelarik beste talde batzuk ekartzen ditut, hemen egin denetik ikas dezaten, eta haien aterabideak aurkitu ditzaten. Azken urteetan izan den aurrerakuntzaren beste adibide bat da.

Zer izan da Foro Sozialaren ekarpena?

Funtsezko rola izan du, euskal gizarteko sektore ezberdinak batzea lortu duelako. Prozesuaren motor izan da, eta proposamenak egin ditu 2013an erabaki ziren gaien inguruan; horrez gain, proposamen horiek gauzatzea ere lortu du. Ezin dugu jakin gauzak nola iraganen ziren Foro Soziala osatu izan ez balitz, baina seguruenik ez ziren gardentasun eta inklusibotasun berarekin eginen. Izan diren aitzinamenduak alde bakarrekoak izan direla erraten da, baina funtsean gatazkaren protagonisten arteko elkarrizketaren bidez egin dira, eta foro sozialak ere protagonista bilakatu dira.

Zer falta da?

Badira beharbada aitzinamendu batzuk apalegiak izan direnak. Justizia trantsizionala dut buruan, biktimen eta presoen gaia. Foro Sozialen helburua ez da arazo politikoa konpontzea izan, hau da, Euskal Herriaren estatutuaren gaia Iparraldean eta Hegoaldean, alde frantsesean eta espainolean. Baina gaur egun plaza politikoan konpondu daitezkeen gaiak dira horiek, hain zuzen ere beste arloetan aitzinamenduak lortu direlako. Orain arte, estatuek aitzakia gisa erabiltzen zituzten gai politikoak aztertzea oztopatzeko; pentsatzen dut orain plaza politikoan eztabaidatzen ahalko direla.

Presoei dagokienez, gradu progresioak eteten ari da Espainiako Auzitegi Nazionala. Kezkatzen zaitu?

Ez ditut hurbiletik segitu gertakari horiek, eta Foro Sozialeko kideekin aipatu nahi ditut hobeki ulertzeko azken asteetan gertatzen ari dena. Aski urrunetik segitu nituen Euskal Herri frantziarrean izan ziren bortizkeriarik gabeko erresistentzia eta masa ekintzak presoen gaian blokeo bat izatea saihestu eta aitzinamenduak behartzeko. Elkarrizketa esparruak presio bide bat dira, baina uste dut garrantzitsua dela horien ondoan halako ekintzak egitea.

Zein dira zure ustez gaur egun lantzekoak diren erronkak?

Memoriaren gaia inportantea da. Orain arte estatu-instituzioek uko egiten diote justizia trantsizionalari. Iniziatibak oinarritik etorri dira, gobernuz kanpoko erakundeetatik, elkarteetatik, eta abar. Lan hori segitu behar da, ahalbidetzeko espazio kulturaletan, ikastetxeetan, hedabideetan, filmetan, mundu artistikoan... iraganari buruz dauden narratiba, diskurtso eta irakurketa ezberdinak aipatu ahal izatea. Horrek ahalbidetuko du, beharbada, etorkizunean ikuspegi bateratu batera iristea.

Zer epetan?

Lan horrek ez ditu hamar urte iraunen; belaunaldi bat beharko da gutxienez, zinez denbora anitz delako gatazkak irauten duela, eta iraganeko kontakizun anitz dagoelako ateratzeko. Biktima guziak entzun beharko dira, behar dituzten konpentsazioak aitortu beharko dira, alde guztietan izan diren sufrimenduak aitortzen segitu beharko da. Espero dut lan horrek segituko duela eta estatu-instituzioek babestuko dutela.

Foro Sozialak bukatutzat eman du bere ibilbidea. Zer tresna beharko litzateke lan hori eramateko?

Borondate politiko-instituzional bat bada, aurreikus ditzakegu egia eta berradiskidetze batzordeak. Babes instituzionala aipatzean horrelako adibideak nituen buruan. Lan horrek publikoa eta gardena izan behar du denek ikusi ahal izateko. Orain arte, iniziatiba txiki batzuetan oinarritu da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Geroa Bai-ko alkategai Koldo Marinez. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Geroa Baik EH Bildu babestuko du Iruñeko Udalean

Xabier Martin

Koldo Martinez alkategaiak bere burua eskaini du «blokeoa» desegiteko prozesua «gidatzeko». Arnaldo Otegik, berriz, Nafarroako Legebiltzarraren osaketaz hitz egin du; haren arabera, «ikusiko da» EH Bilduk abstentzioaren alde egiten ote duen hartara Maria Txibite presidente izan dadin.

 ©BERRIA

Negoziazioen labirintoan harrapatuta

Ion Orzaiz

Espainiako Gorteetarako bozek giro politikoa nahastu dute Nafarroan. Egungo gobernu ereduari eutsi nahi dio PSNk, Iruñeko Udalean EH Bilduri bizkarra emanda

EAJk astelehenean egin zuen Euzkadi Buru Batzarraren bilera. ©Miguel Toña / EFE

EAJ: begi bat aliantzetan, bestea Madrilen

Jon O. Urain

Jeltzaleek abiatu dute Espainiako Gorteetarako hautagaiak izendatzeko prozesua. Aldi berean, udalak eta aldundiak gobernatzeko negoziazioetan ari dira. Lehen indarrari gobernatzen uztea dago eztabaidan.

Iriarte eta Otegi, atzo, EH Bilduren Mahai Politikoaren bileran. / ©Javier Etxezarreta, EFE

Otegi, EAJri: «Gai izango al zarete Gipuzkoako Aldundia guri PPrekin kentzeko?»

Jon Ordoñez Garmendia

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak berretsi du ateak itxiko dizkiola eskuinari Iruñean eta Madrilen, eta akordio zabalak egitearen alde mintzatu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...