Psikologoa

Patricia Verdes: «Amatasuna bere konplexutasunean onartu behar dugu, ez baita beti ona edo beti txarra»

Amatasunari lotutako bizipen eta sentimendu negatiboak ezkutatzera jotzen dela eta, anbibalentziaz argi hitz egitera deitu du Verdesek, ama idealaren ideia hausteko, besteak beste.

Patricia Verdes, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Patricia Verdes, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2025eko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tradizionalki psikologia nahiko krudela izan da amekin, Patricia Verdes Gimenez (Madril, 1977) psikologo eta psikoterapeutaren arabera: «Amatasunarekin lotutako ezinegonez hitz egin izan du, gaizki aritzearen eta sentitzearen zama amen gainean jartzeko». Beste ikuspegi batetik ari da Verdes: haurrak haztean agertzen diren sentimendu kontrajarriak onartzearen eta lantzearen alde. Bilbon daukan kontsultan ikusten dituen errealitateez mintzatu da berriki, amatasunaren eta buru osasunaren inguruko EHUren udako ikastaro batean.

Amatasunaren bizipenekin lotuta, anbibalentzia besarkatzea proposatu duzu. Zertan datza anbibalentzia hori?

Haurrarekin lotuta, kontrakoak diruditen sentimenduak, ideiak edota afektuak aldi berean izatean. Adibidez: pozik handiena ihes egiteko premiarekin nahastea. Adrienne Rich feministak egin zuen ezagun Emakumeagandik jaioak lanean, esan zuenean umeek sufrimendurik gozoena eragiten ziotela. Baina, oro har, amatasunaren inguruko diskurtsoetan ukatu egiten da anbibalentzia hori.

Anbibalentzia histeriarekin lotu izan dute psikiatra batzuek, baina Jane Lazarrek esan zuen normala dela halako sentimenduak izatea.

Bai, segur aski ia ama guztiek sentitzen dute anbibalentzia molderen bat. Dena den, egile batzuek diote badela gobernatu daitekeen anbibalentzia bat eta kudeatu ezin daitekeen bat, maitasunaren eta gorrotoaren bi muturretan jartzen gaituena: poloetako batean gaudenean, egoera idealean gaude, eta bestean, aldiz, nahiko egoera katastrofikoan. Baina, oro har, gure harreman guztiak —bikotekideekin, lagunekin, lankideekin...— anbibalentziaz bizi ditugu, badirelako gustuko ditugun eta ez ditugun gauzak, ondo eta txarto daudenak... Eta oreka bat lortzen dugu. Seme-alabekin, aldiz, alertak aktibatzen zaizkigu baldin eta dena ederra ez bada eta haurrenganako maitasun erabatekoa sentitzen ez badugu une oro.

«Gure harreman guztiak anbibalentziaz bizi ditugu, badirelako gustuko ditugun eta ez ditugun gauzak. Seme-alabekin, aldiz, alertak aktibatzen zaizkigu baldin eta dena ederra ez bada»

Une oro umeak maitatzea exijitzen zaielako amei?

Bai, idealak eskatzen du balentzia bakar horretan egotea: maitasunean. Norbait maitatzeak gatazka edo desadostasuna desagerraraziko balu bezala. Baina, egiaz, umea jaio baino askoz lehenago hasten da anbibalentzia, ama izateko desioa agertzen denean: «Haur bat nahi dut eta ez dut nahi aldi berean». Esango nuke emakume askok ez dutela argi izaten. Haurdunaldia ere oso idealizatuta dago, baina une gogor asko ditu: senti ditzakezu «sentitu beharko ez zenituzkeen» gauza asko, eta esatea bera txarto ikusia dago, egonezin hori estali egin behar da.

Zer inposatzen du amaren idealak?

Baldintzarik gabe aritzea, pairamena, sakrifizioa, umearen zerbitzura egoteko norbere burua ezeztatzea... Hori guztia ezinezkoa da, baina gainera, ez da desiragarria, ezta umeentzat ere.

Izatez, psikiatra batzuek esana dute amaren anbibalentzia ona izan daitekeela umearen garapenerako ere. Zergatik?

Jaio ostean, haurrak uste du ama eta bera izaki bera direla, fusio bat. Beraz, garatu ahala, ikasi egin behar du bere buruaren eta amaren —edo jaiotzen denean erreferentzia gisa hartzen duen pertsonaren— artean bereizten; bizitzako lehen urtean, self edo indibidualtasun bat eratu behar du. Prozesu horretan laguntzen duten gauzetako bat da amarengandik banatzea; azken batean, horretan datza haztea. Beraz, amak sentitzen dituen kontraesan horiek banaketa horren zerbitzura jar daitezke, lagungarri izan daitezke umearentzat eta emakumearentzat.

«Gero eta hitz gehiago jartzen dizkiegu zailtasunei, eta guztiz beharrezkoa da, baina kostatzen da ederra den horri eta plazerari hitzak jartzea ama ideala indartu gabe»

Feminismoak denbora asko darama amatasun ideala auzitan jartzen eta amatasunaren gogorraz argi hitz egiten. Anbibalentzia hori normalizatzen lagundu du?

Feminismoak gauza askori buruz ohartarazi digu, eta eskertzekoa da agerian jarri izana amatasunaren argi-ilunak. Baina bitxia da: niri, maitasun sentimenduarekin lotutako kontuek harritu ninduten, ezustean harrapatu ninduen gauza batzuk hain politak izateak. Eta iruditzen zait beharrezkoa dela alde positiboak ere nabarmentzea, amatasunaren idealean erori gabe, noski. Gero eta hitz gehiago jartzen dizkiegu zailtasunei, eta guztiz beharrezkoa da, isildu nahi dituenik ere bai baitago, baina, era berean, kostatzen da ederra den horri eta plazerari hitzak jartzea ideal hori indartu gabe. Feministak hortxe gaude orain: amatasuna bere konplexutasunean onartu behar dugu, ez baita beti ona edo beti txarra; gizakion esperientzia posible guztiak daude hor.

Ederra den horri buruz hitz egitea kostatzen da, baina zailagoa da gorrotoaz hitz egitea amatasunari lotuta. Zergatik?

Alderik suntsitzaileenek beldurra ematen dutelako. Baina gorrotoaren kontzeptua aterki gisa erabiltzen dut, sentimendu gehiagori buruz hitz egiteko: sufrimendua, arbuioa, gustuko ez ditugun jarduerak... Kontua da ea norberak halako sentimenduak aztertu ditzakeen, onartu, kudeatu. Anbibalentzia sentitzea ez da arazo bat, baina sentitzen duzula ukatzea, aldiz, bai.

Eta nola kudeatu behar da? Zer gertatzen da ama bat gaindituta dagoenean edo haurrarengandik urrundu nahi duenean?

Anbibalentziarekin topo egiteak adierazten digu zerbait aztertu behar dugula gure barruan, nola eramaten ari garen umea hazteko prozesua. Baina ez hainbeste zerbait egiteko, ez baitakit zer egin daitekeen anbibalentziarekin, ezpada ahal duzun moduan eramatea.

Eta eramangarria ez bada?

Arreta handiagoa jarri behar zaio. Asko zaildu daiteke, depresioa edo antsietatea eragin dezake. Balentzia negatiboa egonkorra bada, hala amak nola haurrak akonpainamendua behar dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.