Etxe kaleratzeak

Amorruz erantzun du Barakaldok

«Finantza terrorismoa» desagerrarazteko eskatu dute Amaia Egañaren heriotza salatzera atera diren milaka lagunekMurrizketa politikei eta erakundeen jarrerari egotzi dizkiete etxe kaleratzeak

Milaka lagun elkartu ziren Barakaldon atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Maite Asensio Lozano.
Barakaldo
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amorruz bete ziren atzo gauean Barakaldoko kaleak. Amaia Egañaren heriotzaren ondoriozko haserrea, tristura, ezintasuna, nekea adierazi zuten milaka lagunek, 1980ko hamarkadatik herrian gogoratzen duten manifestaziorik jendetsuenean. «Politikari ustelei» eta «bankari hiltzaileei» zuzendu zizkieten protestak, eta «finantza terrorismoa desagerrarazi beharra» aldarrikatu zuten.

Justizia Jauregitik abiatu zen martxa, 19:30ean, baina ordu erdi lehenagorako ehunka lagun zeuden bertan. Atsekabea nabaria zen jendearen solasaldietan: etengabe entzun zitezkeen egoeraren bidegabekeriari buruzko iruzkinak, baita politikarien aurkakoak ere. Euria etenik gabe ari zuen, baina erantzun irmoa eman zuten herritarrek: Bide Onera plaza eta inguruko kaleak bete egin ziren manifestazioa hasi zenerako.

Berri Otxoak bazterketa sozialaren aurkako plataformak deituta, eta Langabeziarik ez, kaleratzerik ez. Babes sozialaren alde lelopean, ordubetez ibili zituzten Barakaldoko kaleak, errepidetik zein espaloietatik. «Ez da suizidio bat, hilketa bat baizik»; «kapitalismoa, hiltzailea»; «etxe kaleratzerik ez, erantzunik gabe»; «konponbidea: bankariak espetxera», eta antzeko aldarriak entzun ziren, herritarren haserrearen seinale.

Martxaren ibilbidea ere ez zen ausazkoa izan. Haren bidez, Egañaren heriotzaren «arduradunak seinalatu» nahi izan zituzten, antolatzaileek azaldu zutenez: epaitegitik irten ziren. «Hemendik ateratzen direlako etxe kaleratzeetako agindu guztiak», esan zuten. Foruen Pasealekutik igaro ziren, «bertan baitaude banketxeak»; eta Herriko Plazan amaitu zuten, Barakaldoko Udalaren Gizarte Ekintza Sailaren egoitzaren aurrean, «ez dutelako kaleratzeen aurkako neurririk hartu».

Areago, udalak gizarte laguntzak moztu dituela salatu zuten: «Murrizketa politikek eragin dute egoera hau». Gogora ekarri zuten etxe kaleratze kopurua etengabe ari dela igotzen. Soilik Barakaldon, 2012ko lehen erdian 137 familia geratu ziren etxe gabe —iazko garai berean baino %21 gehiago—; astean bost. Hori dela eta, «babes soziala handitzeko» eskatu zioten Tontxu Rodriguez alkateari, baina atzo ez zuen hitzik ere esan auziari buruz.

Baina, erakunde publikoen aurka ez ezik, banketxeen kontra ere egin zuten. Manifestarien txaloen artean, pintura gorria bota zuten La Caixaren bulego batera, eta «errudunak» eta «hiltzaileak» hitzak margotu zituzten BBVA, BBK eta Banestoren egoitzetan. Datozen egunotan, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dute.

Gasteiz, Donostia, Iruñea

Hiriburuetan ere egin zituzten protestak atzo, kaltetuei laguntzen dieten taldeek deituta. Iruñean, Nafarroako Kutxaren aurrean elkartu ziren. Gasteizen ere dozenaka lagun batu ziren Andra Mari Zuriaren plazan; Donostian, Bulebarrean egin zuten elkarretaratzea. Irunen eta Bergaran ere egin zituzten protestak, besteak beste, Gipuzkoan. Irunen, Kutxaren egoitzaren aurrean elkartu ziren 50 bat lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.