A/N1H1 gripeaz kutsatuta, lau lagun daude ospitalean

Larrienak Zainketa Intentsiboko Unitatean dituzte Donostian; Iruñeko biek, aldiz, hobera egin dute

Donostia
2009ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Hiru lagun ospitaleratu dituzte Gipuzkoan eta Nafarroan A/H1N1 gripeaz kutsatuta. Gaixoetako bat sei astez haurdun dagoen 30 urteko emakume gipuzkoarra da, eta Donostia Ospitalean daukate atzotik, Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Egonkor dagoela adierazi du Osakidetzak. Beste biak, Maria Kutz Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak esan duenez, 34 urteko gizonezko bat eta 18 urteko emakumezko bat dira. Bideko Ama ospitalean eta San Migel klinikan daude herenegundik. Kutzek esan duenez, haien egoerak hobera egin du.

Kutsatuta dagoen emakumea larunbatean joan zen Mendaroko erietxera (Gipuzkoa), arnasa hartzeko zailtasunak eta pneumoniaren sintomak zituela ikusita. Bertatik, Donostia Ospitalera eramatea erabaki zuten sendagileek. Gipuzkoan, A/H1N1 gripearen eraginez erietxean dagoen bigarren pertsona da. Izan ere, 36 urteko gizonezkoa iragan ostiralean ingresatu zuten erietxe berean, eta hura ere Zainketa Intentsiboetako Unitatean dago. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi duenez, gizonezkoa egonkor dago larritasunaren barnean .

Diagnostikatutako gripe kasu berrien inguruan, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Idoia Mendiak, «lasaitasuna» eskatu du. Gipuzkoako bi kasu «larrien» aipamena egin duen arren, gripearen inguruan hartu beharreko neurri guztiak hartzen ari direla esan du. Gaineratu du «A/N1H1 gripearen eritasuna gripe sinplearena baino arinagoa» dela.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaurko agerraldia iragarri du; gripearen inguruan informatzeko, Osakidetzaren egitasmoa ezagutarazteko eta txertoaren kanpainaren inguruko xehetasunak emateko agerraldia izango da. Hain zuzen ere, atzo bertan eskatu zien EAJk gripearen inguruan informa zezaten. Horrez gain, birusen aurkakoen eta bestelako materialen hornikuntza maila zer-nolakoa den galdetu zioten Osasun sailburu Rafael Bengoari. EAJren ustez, dagoen botika kopurua jakitea komeni da.

Euskal Herriko lehenengo A/N1H1 gripe kasua apirila amaiera aldera diagnostikatu zioten 30 urteko gizonezko bati, Bizkaian. Geroztik, hamarnaka izan dira kutsatutakoak. Zehatz-mehatz kutsatutako guztien datu ofizialik ez dago, baina Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian Osasun Sailak gutxienez 30 kasuren berri eman du. Nafarroan, aldiz, Mediku Zentinelen Sareak adierazi duenez, azken egunetan, esaterako, hamazazpi izan dira kutsatutakoak. Ipar Euskal Herrian, berriz, Miarritzeko (Lapurdi) errugbi taldeko jokalari baten kasuaren berri eman zuten soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.