Euskara

Ana Beltran (PP) : "Zertarako ari zarete euskaraz, molestatzeko ez bada?"

Kargu hartu die Soziolinguistika Klusterreko ordezkariei, Nafarroa Hego Euskal Herriko lurralde gisa identifikatzeagatik.

Ion Orzaiz.
2018ko martxoaren 9a
10:15
Entzun

Ana Beltran PPko legebiltzarkidearen azken purrustadak hautsak harrotu ditu Nafarroako Parlamentuan. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Batzordea egin dute gaur goizean, eta bertan, Soziolinguistika Klusterreko ordezkariek agerraldia egin dute, euskararen erabilerari buruzko inkestaren emaitzak aurkezteko. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek eskatuta egin dute lan saioa.

Gonbidatuen txanda amaituta, ordea, Beltranek hartu du hitza, sututa, Soziolinguistika Klusterreko kideen interbentzioa euskaraz izan delako oso-osorik (ikusi bideoa): "Errespetu falta izugarria iruditzen zait zuek parlamentu honetara etorri izana, euskara ofiziala ez den zonalde batera. Ez dakit dakizuen ala ez, baina Iruñean euskara ez da ofiziala, are gutxiago Nafarroako hegoaldean. Euskara arma jaurtigarri gisa erabiltzera etorri zarete batzorde honetara, hemen gauden gehienok ez baitakigu hizkuntza hori. Ondorioz, ezin dugu zuen interbentzioa ulertu. Eta eskerrak interpreteak ditugun, baina gainera proiekzioak eta grafikoak euskaraz eskaini izateak badu intentzionalitate argi bat. Eta ez banaiz aulkitik lehenago altxatu, batzorde honi zor diodan errespetuagatik izan da; baina, batez ere, zuek jakin dezazuen zer pentsatzen dugun nafar gehienek".

Euskaraz mintzatzea nahikoa ez, eta "Nafarroa Euskal Herriaren parte gisa irudikatu nahi izatea" leporatu die gonbidatuei: "Zuek ezin zarete hona etorri nafar gehienoi eta errealitate politiko nahiz instituzional bati errespetua galtzera. Badakizue Nafarroa ez dela Hego Euskal Herria. Molestatzera etorri zarete, mina ematera".

Une horretan, batzordeko presidente Tere Saezek moztu egin du Beltranen interbentzioa, eta gonbidatu guztiei "errespetua zor zaiela" gogorarazi dio. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako parlamentariak ere kexu azaldu dira, baina horrek ez du Beltranen polemika gogoa apaldu, eta aurrera egin du: "Zertara etorri zarete hona, zuen interbentzioa euskara hutsean eginez, molestatzera ez bada? Nafarroa Hego Euskal Herri gisa sailkatzen duzue euskara erabiltzen delako? Hori ez duzue zuek ere sinesten. Eta ez da egia, euskara ez baita erabiltzen, ez eremu mistoan, ezta ez-euskaldunean ere. Beraz, zoazte errekaduarekin. Eta nire hitzekin inor molestatu badut, sentitzen dut, baina hori da pentsatzen dudana eta nafar gehienek pentsatzen dutena".

[YouTube]https://youtu.be/w2AcRKyMQys[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.