Ana Isabel Madariaga 2005eko urriaren 12an hil zuen bikotekideak, Barakaldon, bere etxean. Madariagak bi alditan jarri zituen salaketak gizonaren kontra, 2000n eta 2002an. Sestaoko eta Erandioko ertzain etxeetan jarri zituen salaketa horiek, baina, ordu gutxiren buruan, emakumeak berak eten zituen bi salaketak, gizona berak «probokatu» zuela argudiatuta.
Ikusi gehiago
Baina 2004ko azaroan, hil baino urtebete lehenago, Argitan elkartera ere jo zuen Madariagak laguntza eske; harrera pisu batean hartzeko eskatu zuen, bikotekideak jo egiten zuela salatuta, baina Barakaldon garai hartan ez zen halakorik, eta beste erakunde batzuetara bideratu zuten eskaria. Berandu iritsi ziren guztiak; inork ez zituen seinaleak ikusi.
Emakumea hil eta gero, gainera, poliziek uste izan zuten «berezko heriotza» izan zuela emakumeak: jausi, eta buruan kolpe bat hartuta hil zela, nahigabe. «Ezerk ez zuen adierazten heriotzaren arrazoiak ez zirela naturalak izan», esan zuen Ertzaintzak geroago. Inork ez zituen aintzat hartu aurretik gertatutako eraso eta salaketa guztiak. Azkenean autopsiak gezurtatu zuen hipotesia: argi erakutsi zuen emakumea jipoi bat jasota hil zela, buruko kolpeak ez zirela nahigabekoak, gizonak emandako kolpeengatik hil zela.
Poliziek, beraz, urriaren 13an atxilotu zuten gizona, hilketa gertatu eta hurrengo egunean. 41 urte zituen orduan, eta izena baizik ez zuten jakinarazi: Francisco E.; fiskalak 38 urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat.
Hilketa gertatu eta hurrengo egunetan elkarretaratzeak eta salaketa mezuak ugaritu ziren. Baita ika-mikak ere. Argitan elkarteak salatu zuen, andreak laguntza eskatu arren, inork ezin izan ziola lagundu. Barakaldoko Udalak, berriz, beste alde batera igorri zituen salaketak, esanez emakumeak ez zuela inoiz jo udaleko gizarte zerbitzuetara.