Aldaketa dator Eusko Ikaskuntzara: Iñaki Dorronsorok ez du lehendakari karguan jarraituko, eta Ana Urkiza (Ondarroa, Bizkaia, 1969) aurkeztuko da hautagai gisa. Harekin batera, beste bost lagun aurkeztuko dira Kontseilu Errektoreko kide izateko: Ipar Euskal Herritik, Eguzki Urteaga EHUko irakaslea; Nafarroatik, Isabel Elizalde, gobernuko kontseilari ohia; Bizkaitik, Zelai Nikolas, legelaria eta Gure Esku-ko bozeramaile ohia; Gipuzkoatik, Manu Olariaga, ingeniaria; eta Arabatik, Asier Etxenike, soziologoa eta Aztikerreko arduraduna.
Idazle gisa ibilbide luzea egindakoa da Urkiza, eta euskalgintzaren arloan ere bai. Besteak beste, 2016an Elhuyar saria jaso zuen, enpresetan euskara bultzatzen egindako lanagatik. Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada 2000tik. Euskal Idazleen Elkarteko idazkari kudeatzaile izan zen.Gizarte eta Informazio Zientzietako lizentziaduna da, eta Linguistikan diplomatua. Bankoan daramatza azken urteak; besteak beste, barne komunikazioan, formakuntzan eta giza baliabideen arloan aritu da Bankoan.
Eusko Ikaskuntzak irailaren 19an egingo du batzar nagusia, eta bertan egingo dute bozketa. Osasun egoera ikusita, modua jarri dute batzarrean online parte hartzeko, baita botoa delegazio bidez emateko ere.