Eusko Ikaskuntzak gaur egin du Batzar Nagusia, eta bertan izendatu dute lehendakari berria: Ana Urkiza Ibaibarriaga idazle eta itzultzailea. 1918an sortu zenetik, Eusko Ikaskuntzako lehendakari guztiak gizonezkoak izan ira, eta Urkiza izango da aurreneko andrea.
Harekin batera, Kontseilu Errektoreko kide izango direnak ere aukeratu dituzte: Asier Etxenike (Arabako kontseilukidea), Zelai Nikolas (Bizkaiko kontseilukidea), Manu Olariaga (Gipuzkoako kontseilukidea), Isabel Elizalde (Nafarroako kontseilukidea) eta Eguzki Urteaga (Ipar Euskal Herriko kontseilukidea).
Era berean, batzarrean onartu dute 2019ko jardueren memoria, iazko emaitzen kontua eta haren aplikazio proposamena, 2020ko ekintza plana eta horri lotuta dagokion aurrekontua, eta, azkenik, estatutuen eguneratzea.
Emaitzak ezagutarazi ondoren, Urkizak konfiantza eskertu du, eta etapa berriari ekin dio Iñaki Dorronsoro lehendakari ohiak mendeurreneko kongresuaren amaieran erabilitako hitz berberak aipatuz: «Eusko Ikaskuntza hemen dago, sortu eta 100 urtera, ideiekin eta proposamenekin, Euskal Herriaren zerbitzura lan egiten jarraitzeko gogoz (...) ezagutza sortuz, gure egungo erronkak ulertzeko eta erantzunak emateko». Urkizak esan duenez, «ilusioz» hartzen du erantzukizuna, «talde lana eta Eusko Ikaskuntzak eskaintzen dituen ekarpen, ezagutza, iritzi eta sentsibilitate anitzak kontuan hartuta».
2020-2024 aldirako lan programa ere onetsi du batzarraren gehiengoak. Horren arabera, Eusko Ikaskuntza «Euskal Herriko gizartea eta erakundeak inplikatuko dituen herri estrategia bat garatzeko erreferente nagusi gisa kokatzea du helburu nagusi».