Anabel Prieto preso sartu dute, hamar eguneko haurrarekin

Gernikako Akordioak elkarretaratzea antolatu du Enara Rodriguezek jasotako «erasoa» salatzeko

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Hamar eguneko haurrarekin, Aranjuezko espetxean (Espainia) preso sartu dute Anabel Prieto. Astelehenean eraman zuten, bost urteko espetxe zigorra betetzeko falta zaizkion hiru urteak betetzeko. Bost urteko zigorra jarri zioten iaz, baina ez zuten kartzelara eraman, haurdun zegoelako. Orain, haurra jaiota, espetxeratu egin dute.

Bestalde, Arkaitz Rodriguez presoaren arreba Enara Rodriguezi elkartasuna adierazi diote Gernikako Akordioak eta Amaiur koalizioak. Enara Rodriguez errepidetik aterarazi zuten Logroñotik Iruñera bidean. «Nire alboan beste auto bat zihoan denbora osoan. Bi gizon barnean. Irteera batean, ateratzera behartu ninduten, nire bidean sartuz. Orduan, autoaren kontrola galdu nuen, eta hiruzpalau buelta eman, baina ez nintzen irauli». Iletik tiraka autotik atera zuten, lurrera bota, eta hanka jarri zioten bularrean. Bularra eta ipurdia ukitu zizkioten, eta bortxatzeko eta hiltzeko mehatxua egin.

Gertatutakoak «muga guztiak» gainditu dituela salatu du Gernikako Akordioak, eta elkarretaratzea antolatu du larunbatean, 12:00etan, Donostiako Gobernu Zibilaren aurrean, Konponbide garaia da. Indarkeria oro bertan behera utz dezatela lelopean.

Amaiur koalizioak ere Rodriguezi gertatutakoa salatu du, eta azalpenak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari. Idatziz egindako eskaeran galdetu dio ea bi gizonezko horiek poliziak ziren edo ez argitzeko ikerketarik zabaldu al duten. Era berean, «indar polizial eta armatuek egiten duten kontrol sozial eta politikoa» salatu dute, eta errepideetako kontrolak bertan behera uzteko eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.