Gaur betetzen dira ehun egun Jagoba Arrasate Nafarroako presidentea denetik. «Orain bai, orain bi Lehendakari daude» adierazi du Iñigo Urkulluk, apalik eta zutunik. Jean Rene Etchegaraik, aldiz, aitzakia txikiena baliatzen du, aliatuek Zelenskirekin nola, presidente berriarekin argazkia ateratzeko. Astebete da Olaf Scholz kantzilerrak agerraldia egin zuela Alemaniako telebista publikoan, Volkswagenen etorkizuna Landabenen dagoela ziurtatuz. Egoera animiko bat da politika, ia ezer aldatu gabe alda liteke ia dena. Soluzio globaletan eragina duen herri-agintaria duzula iruditzen zaizu, lehen aldiz. Eta ez zara bakarra, nonbait. Aztikerren azken ikerketaren arabera, euskal herritarren %72k politikarekiko fedea berreskuratu du azken hiruhilekoan.
Politikomanoa izan zinen zu ere. Ez dakizu zuk utzi zenuen ala berak utzi zintuen zu. Ez zizun zure iragana modu zintzo eta kritikoan berrikusten uzten, botoa eskatu eta umiliazioa eskaintzen zizun, atzean utzi nahi zenuen etorkizun bat. Ohartzerako, utopia berrien faltan, distopiek formateatu zintuzten, etengabeko orainaldian bizi beharrak higatu. Zure botoak ezer gutxi balio zuela sinestera heldu zinen, zure arazoen irtenbideak beste kupel bateko txotxa zirela. Mintzen zintuen onartzeak baina, azken urteetan, etorkizunagatik baino gehiago ematen zenuen botoa iraganagatik. Behiala zernahirako prest zeudenak bozkatzeko ere zalantzati ageri ziren, bizitza osoa Gatazkaren lokatzetan igaro (nahi) zutenak bestelako gatazkak ukatzen. Bitartean, bizitza publikotik euren abizena erauztea zen hautagaiek zugandik gertu egoteko topatzen zuten bide bakarra. Eztabaida politikoak zure haurrekin duzun jokabidea oroitarazten zizun. Bai, zuk ere garrasika eta hatza tente eskatzen diezu seme-alabei errespeturik galdu gabe adostasunetara iristeko. Zeure burua hala harrapatzen duzunean, ordea, erridikulua sentitzen zara, ez ezertarako hautagaia. Auzolanetik urrundu eta auzo-lotsara hurbildu zintuen politikak, bakarrik sentiarazi.
Estatu, nazio, erkideko, bailara, herri, auzo, amets, ilusio, proiektu, komunitate, talde... Gu baten parte sentitu nahi duzu berriz. Parte, zuk nahi duzun arte, bakarka ezin delako, Ni-aren diktadurak ito zaituelako zu ere. Saiatu zara, garapen pertsonalari uko egin gabe, profesional bikaina izaten, maitale perfektua, guraso eredugarria, beti hor dagoen laguna. Probatu dituzu terapia, yoga, makrobiotika, krosfita, Lorazepamak, Twitter, Tinder... Eta, zer? Udazkenari ihes egiteko beste udaberri bat lorarazi nahia izan liteke, agian, edo, besterik gabe, bidean galdu eta zeure burua berriz topatzeko desira. Ikasi duzu galdera-ikurrekin bizitzen, baina arrapostuak ez jakiteak ez du erantzunen premia txikitzen.
Legegintzaldiko lehen ehun egunen balorazioa egin du Nafarroako presidente berriak. «Baliteke liga eta kopa sekula ez irabaztea, baina, behetik gora, gauzak ondo eginez gero, Txapeldunen Ligakoak izan gaitezke». Ez zenuen gehiago behar.
KONTRAKANPAINA
100 egun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu