Karmelo Landa.
35/02 auzia. Epaiketaren amaiera. Baietz LIBRE!

35/02 amaituta zer datorren

2014ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Amaitu da, akabo. Atzo bertan agurtu genuen Madrileko Audiencia Nacional hartan 35/02 makro-sumarioa, eta bueltan gara etxean, zorionean! Baina sententziaren zain auzipetu guztiok. Zer ote dakar guretzat? Hiru hilabete barru emango ei dute.

Nola amaitu dugu, baina, bost hilabetez luzatu den epaiaren bista? Argitu da ezer bertan? Eta, batez ere, zer dator ondoren? Esplikazio bat zor dizuegu bertan egon garenok, hemendik hangoa adi jarraitu duzuen guztioi. Horretan jardun dugu bertan geuk ere, han azaldu den guztia entzun, ikertu eta hausnartuz. Horixe azaltzera goaz orain hemen.

Hamabi urte luzeko instrukzioa izan du 35/02 sumario bitxi honek. Pilatu dituzte 85.000 folio gehi ehunka mila agiri atxiki eta eranskin. Berrogeita bat auzipetu ginen hasiera hartan, eta 32 gara amaieran. Akusazio oso larrien zama bota zuten gure lepoetara orduan: ETAko partaide izatea; ETA diruz hornitzea; garbiketa etnikoan aritzea; estatu espainiarraren ekonomia larri txirotzea ere bai. Ondorioz, zigor eskariak ere tamainakoak ziren orduan: zortzi, hamar eta hamabi urterainoko kartzela zigorrak auzipetu guztioi; ehun eta hamar Herriko Taberna eta Herri Elkarteen desjabetzea…

Orduan, diot, hau guztia, 2002 urrun hartan. Zeren eta ia guztia aldatu baitzuten atzo, kasua ixtean: orain ez ei gara ETAkide, Herri Batasunako baizik; orain ez ei dago ETAri diru ematerik, diruz auto-hornitzea baizik. Baina eta orain horrela bada, nola eta zergatik eutsi diote kartzela zigor eskariari? Zigor apalagoak eskatu arren, orain ere kartzela eskatzen baitute guretzat, lau urte eta erdikoa, edo bi eta erdikoa, baina kartzela gordina. Badute horretako aukerarik gaur? Ez, ez da horretarako aukera juridikorik gelditu bistaren amaieran. Ondorio hau erabatekoa da, zalantzarako tokirik uzten ez duena. Zergatik?

Hauxe da galdera benetan garrantzitsua, 35/02 horren mamia. Erantzun nagusia: 2002 hartako akusazio guztiak faltsuak zirela nabarmendu da. Zehatzago esanda: peritu-polizia ugari ekarri; orduak eta orduak berbetan eman… eta ez dute pertsona bakar baten aurkako froga edo elementu penal bakar bat ere aurkezterik lortu. Ez zegoelako, ez dagoelako. Zer zegoen, bada? Hauxe: ezker abertzaleak dakarren aukera politikoa erabat eta betirako ezabatu nahia. Eta Estatu espainiarraren helburu politiko den hori, epaitegien bitartez lortzeko erabakia. Horretarako erabili dute, berriro ere, Audiencia Nacional deitu epaitegia. Horretarako erabili dute zuzenbide penala, baina zuzenbidea bera erabat bihurrituz. Ez dira hitz hutsak: hauxe da gure abokatu bikainek, bost hilabeteotan, frogatu behar izan dutena eta guztiz frogatu dutena, puntuz puntu eta kasu guztietan: Herriko Tabernek ez dute ETA inoiz eta inola diruz lagundu; Herriko Tabernak legez desjabetzea ezina da, legeak ez duelako inon hori aurreikusten; Herri Batasuna ez da inoiz talde terrorista legez sailkatua izan, beraz HBko ordezkariak ezin «talde terroristako partaide» izan; ez da ETArekiko pertsona lotura bakar bat ere aurkeztu ahal izan. Eta batez ere, azkenerako, ezin dira «akusazioak moldatu» zigorra mantenduz, «moldaketa» horiek ez direlako legeetan inon aurreikusten. Ez dute legean lekurik.

Erabateko garaipen juridikoa izan da. Ez dute zigorrerako motibo juridiko bakar bat ere utzi. Baina fiskaltzak, hau da, Gobernuak, zigorrak nahi ditu. Berriro galdera larria: Zergatik nahi ditu zigorrok? Bakebideak ixteko. Aukera politiko libreak trabatzeko. Euskal Herrian elkarbizitza demokratikoa eta aukera politikoen lehia garbia ezinezkoa bihurtzeko. Eta guk, zer diogu guk, euskal herritar libreok? Galdera honen erantzunean jokatzen da gure etorkizuna. BAIETZ LIBRE!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.