gurutze izagirre intxauspe
ANALISIA

Adostasun zabalaren mugak

2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ez da erraza «adostasun zabala», «akordio zabala» eta gisako esanak eta betoa bereizten. Astelehenean hiru zutabe lehenetsi zituen datozen urteetarako egitasmoetan Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta politika orokorreko eztabaidan berretsi zituen atzo, legebiltzarrean: autogobernua, euskara eta Europa. Haietako hiruretatik lehen bietan, biribilgunean biraka segitzen du azken hamarkadan, «akordio zabalak» ez direlako iristen.

Hitzaldian berrikuntzarik izan bada, Osakidetzarako iragarpena izan da. Agindu ditu 1.200 milioi euro, eta itxaron zerrendak jaisteko konpromisoa sei hilabetean. Legealdia agortzerako premiazkoa du neurri eraginkorren bat arlo horretan, azken hauteskundeetako emaitzak kontuan izanda eta datozenei begira asko baitu jokoan. Ez da ahaztekoa M-28ko eta U-23ko emaitzek Sabin Etxean utzi duten aho zapore gazia, eta EH Bildun utzi duten gozoa. Hilabete gutxi dituzte jeltzaleek ezer iraultzeko.

Autogobernu gehiagorako eskaerak ez du kale egiten Urkulluren urteko egitasmoen zerrendan. «Higadura» salatu du. Eskatu du Gernikako Estatutuaren garapen osoa eta «autogobernu-estatus berriaren proiektua» garatzeko. Lantaldea eratu zen legebiltzarrean, eta egin zuen bide bat. Printzipioen eta oinarrien akordio batean geratu zen, gaur arte. Egin dio aipamena hari, berriz ere aktibatzeari. Eta gai horrekin lotuta gogoratu du Espainiako Estatuan irekita dagoen lurralde auziaren gainean egin berri duen proposamena. Abuzturen 31n El País egunkarian erabaki zuen argitaratzea bere azken proposamena. Lurralde auzia bideratzeko, Espainiako Konstituzioaren berrirakurketa bat sustatuko duen «konbentzio konstituzionala» eratzea proposatu zuen, eta berretsi du hori.

Baina, urte politikoaren egitasmoen aurkezpenetan azken hamar urteetan egin ez bezala, aurten euskararen egoerari buruzko kezka plazaratu du Urkulluk. Euskararen Sustapenerako Ekintza Plan berria garatzen ari direla esan du. Legealdia amaitu aurretik onartu nahi dute hizkuntza politikak hartu behar duen norabidea zehazten duen dokumentua. «Malgutasunez»eta «ahalik eta adostasun mailarik handienarekin».

Ez da kasualitatea euskara ardatz nagusien artean jarri izana. Hainbat aldagai egon litezke horretarako, baina batez ere bik inguratu dute Urkullu horra.

Batetik, azken hilabetetako oldarraldi judizialek haserrea eragin dute euskal gizartean eta gizarteak erantzun egin du, azkar eta irmo. Azken epaia, uztailaren 6koa. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen zien modua. Eta Kontseiluak azaroaren 4rako deitu duen manifestazioak euskararen auzia agendan mantentzea eragin du.

Bestetik, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ostean PSOEk babesa behar du. JxCk eta ERCk eskatu dute hizkuntza gutxituak Kongresuan erabili ahal izatea eta Europako Parlamentuan ofizialak izatea. Zurian beltz agertzea exijitu dute, eta horregatik datorren asteartetik aurrera euskaraz egin ahal izango da Kongresuan, eta datorren asteartean ere euskarari hizkuntza ofizial izaera onartuko al dioten bozkatuko dute Europako Batasuneko Kontseiluan. EAJ eta EH Bildu atzetik joan dira babestera.

Hizkuntza politikan plan bat baino neurri ausartagoak eta eraginkorragoak beharko ditu Urkulluk, onbidean jarriko bada euskararen normalizazioa. Iñigo Urrutia legelariak azaldu zuen BERRIAn nondik egin litekeen bide hori. Bietan badu eragin eremua Urkulluk eta bere alderdiak. Batetik, euskaldunentzat bermeak emango dituen lege bat eratzea proposatu zuen Eusko Legebiltzarrean, bistakoa baita orain artekoak itoginak dituela; eta, bestetik, Espainiako Gobernuaren aldetik eskumen horietan eskurik ez hartzeko konpromisoa lotzea. Madrilen Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziazioak irekita daude. Hori ere negoziazioetan egon liteke.

Aurten argitaratu dira euskararen ezagutzari eta erabilerari buruzko inkesta soziolinguistikoak, baina beste ertz batzuetatik begiratzeko paradigma berri bat ireki du Iñaki Iurrebaso soziologoaren tesiak. «Kaleko erabilera %12aren inguruan dago; gaitasunari erreparatuta, euskaraz errazago egiten duten hiztunak %7-8 dira; euskara nagusi den inguruneetan bizi diren hiztunak, %4. Horiek ikusita, horri nola deituko diogu? Minorizazio gorria berez Jon Sarasuari hartu nion: berak erabiltzen du», laburbildu zuen Iurrebasok Arantxa Iraolak udan egindako elkarrizketan, BERRIAn. Argazkia kezkagarria da, eta horren jakitun, aktibatu egin dira zenbait eragile: euskaltzale independentisten topaketak daude urrian Tolosan, eta Kontseiluaren mobilizazioa azaroan.

Hezkuntza Legea ere aipatu du Urkulluk, «aukera historikotzat» jota. Ikusteko dago «aniztasunaren izenean» euskararen auzian zein postura hartzen duten alderdiek lege honetan. Euskara ikas eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokor inklusiboa; euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma eta hezkuntza ez-arautua ere osorik euskaraz izatea. Bata besterik gabe ezin dira ulertu, euskalgintzako eragileek hainbatetan aldarrikatu dutenez. Oinarriak ezarrita daude, eta legeak ikas eta irakats-eredua ondo zehaztea funtsezkoa izan liteke datozen belaunaldiengan eragiteko eta haien hizkuntza joerak gidatzeko.

Bestelako gai batzuk ere izan ditu hizpide. Epe motzerako helburuen artean aipatu du «zaintzarako itun sozial» bat sustatzea. Hirugarren sektore sozialarekin, aldundiekin eta Eudelekin ari da itun hori jorratzen. Mugimendu feminista, aipatu ere ez. Azaroaren 30erako greba orokorrera deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, zaintza sistema publiko komunitario bat aldarrikatzeko.

Gai batzuk ez dira berez agendan sartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.