enekoitz telleria sarriegi
ANALISIA

Akordioen interesa

2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Komenentzia zer den ohartzeko, ez dago hauteskunde «erabakigarri» batzuk ate-joka izatea baino gauza argigarriagorik. Ohartzeko akordioen kultura sustatu beharraren balioaz eta ezberdinen arteko akordioak erdietsi beharraren balioaz horren lasai aritzen direnak nola bihurtzen diren ate kolpe horiek entzundakoan horren uzkur.

Etsigarria da errepikatzen den ziklo etenik gabeko horretaz ohartzea. Legegintzaldian, «ezintasunak» izaten dira nabarmenak akordioak lortzeko. Kanpainaurrean, «hauteskunde interesa» da zailtasuna akordioak lortzeko. Hauteskunde kanpainan, akordioa aipatzea bera da nahikoa arrazoi horiek galtzeko. Eta hauteskunde egunaren ostean, egonkortasuna da hitz magikoa lehen pentsaezinak, disparate hutsak eta egingaitzak omen ziren akordio horiek gauzatzeko. Alegia, akordioen kultura sustatu beharraren balioaz eta ezberdinen arteko akordioak erdietsi beharraren balioaz berriro horren lasai aritzeko.

Ezin lortuaren poderioz ez ote den horregatik akordioa bera hutsal bihurtu, eta balioa galdu. Ez ote den bihurtu gehiago elkarren kontra eragiteko eta ekiteko arma moduko bat. Legegintzaldia ez ote den izaten akordioak gauzatu nahiaren eta ezinaren irudikatzea, eta hauteskundeak ez ote diren bihurtu legegintzaldian egingarri izan zitezkeenak ezordutan aurkezteko unea eta horren irudikatzea. Elkarri egotziz gero lortu gabekoaren nahiak eta lortu gabekoaren ezinak.

Ezin uler daiteke bestela nolatan egin duten amaitzear den aste oso hau elkarren arrimuan batak zein besteak. Akordioak eta hauteskunde interesak. Arrimuan batzuetan, elkarri gaina hartuta beste batzuetan, eta elkarren aitzakian gehienetan.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, esaterako, «hauteskunde interesa» ikusi zion ostegunean oposizioaren jarrerari, haien osoko zuzenketaren ondorioz, Administrazio Publikoaren lege proposamenaren eztabaida galdu aurretik atzera bota behar izan zutenean. Legea aurrera atera izan balitz, «akordioaren» kultura hauteskunde interesik gabekoaren lorpena izango zen, inondik ere.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea garbi mintzatu zen egun berean, kanpainaurreko ekitaldi batean, eta hauteskunde interes erabatekoz: «Boz gehien lortzen duenak», «akordiorako gaitasuna duenak» eta «egonkortasuna bermatuko duenak» gobernatu behar duela.

Bezperan mintzatu zen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. EAJrentzat eta EH Bildurentzat «inoiz izandako ordezkaritza handiena» aurreikusi zuen, baina «zaila» bi horien arteko «akordioa», gobernu «sendoak» behar direlako, eta bi horien artean ez litzatekeelako «egonkortasuna» bermatuko.

Eta testuinguru horretan egin du ezker abertzaleak ere keinua, akordio nahiaren eta ezinaren irudikatze horretan, ezorduaren irudikatze horretan, ulertu beharrekoa, ulertzekotan. Tiraderatik Ibarretxe plana atera dezala, hautsa putz eginda ken diezaiola, eta akordio baterako abiapuntu gisa jartzea proposatuz Arraiz Urkulluri, hilaren 17ko legebiltzarreko kontrol saio arruntean. Eta lehendakariak une hartan horren nabarmen erakutsitako egoneza eta erretxina baliatuz, mozioa joan den asteartean, 2016ko urria baino lehen EAEko herritarren artean galdeketa egin dezala eskatuz, legebiltzarrean lortutako «akordio demokratiko» baten bidez —heldu den ostegunean izango da horri buruzko eztabaida, eta akordiorik eza—.

Ezin lortuaren poderioz ez ote den horregatik akordioa bera hutsal bihurtu, eta balioa galdu. Ez ote den gehiago elkarren kontra eragiteko eta ekiteko arma moduko bat bihurtu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.