Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Asintomatikoak vs sintomatikoak

2020ko uztailaren 05a
00:00
Entzun
Sei hilabete igaro dira SARS-CoV-2 birusa ezaguna denetik, eta, ordutik hona, hainbat gauza ikasi egin ditugu, aldiro. Horien artean, birus honen hedapenean asintomatikoek duten paper garrantzitsua. Gaixotasun infekzioso askotan, sintomak ez dituzten kutsatuak daude, eta beraien papera funtsezkoa da, eramaileak izanik mikroorganismoa heda dezaketelako; baina bereziki arnasbidetik transmititzen direnetan areagotu egiten da, transmisio modu honen erraztasunagatik.

Nature aldizkarian kaleratu duten Paduako unibertsitatean eta Londreseko Imperial College-ean egindako ikerketa batean, ikusi egin zuten aztertutako pazienteetatik ehuneko berrogeiak ez zituela inolako COVID-19 sintomarik. Gainera, asintomatiko horiek zuten birusaren karga edo kantitatea paziente sintomatikoen antzekoa omen zen. Emaitzen arabera, birusa gorputzetik kanpora daiteke, batez beste, bederatzi egunetan, baina beste ikerketa batzuetan kanporaketa hori hamalau eguneraino ailega daiteke ere. Edonola ere, ikerketa honetan agerian utzi dute asintomatikoek sintomatikoek bezala kutsa dezaketela, inolaz ere gutxiago.

Isilpeko transmisio honek arazo asko sorrarazi ditu pandemia honetan. Paziente asintomatikoak identifikatzen eta isolatzen zailagoak dira, sintoma horiek agerian ez daudelako. Azken egunetan, hainbat enpresa testak egiten ari dira bere langileak infektatuak ote dauden ikusteko. Baina benetan erabiltzen ari diren testak egokiak al dira infekzio akutua atzemateko? Espainiar Estatuko Osasun Ministerioak eguneratu berri du enpresen eremuan COVID-19 koronabirusen kasuak detektatzeko proba diagnostikoak nola egin behar dituzten azaltzen duten jarraibideen protokoloa. Bertan, arnasbideko laginetan burututako PCR probei lehentasuna ematen dio. Izatez, Osasunaren Mundu Erakundeak dioena onartzen du.

Bestalde, antigenoak edo antigorputzak azkar detektatzeko teknikak, aldiz, ez dira egokiak infekzio akutuaren diagnostikoa burutzeko. Azken datuek diote asintomatikoek dituzten IgG antigorputzen kantitatea gaixotasunaren fase akutuan sintomatikoak dituztena baino baxuagoa omen dela eta, gainera, asintomatikoen %40a seronegatiboa dela infekzioa pairatu eta zortzi aste ondoren, hau da, antigorputzak ez zaizkiola detektatzen. Horren arrazoia da infekzioaren aurrean immunitate-erantzun ahulagoa izan zutela.

Aurreko arrazoiengatik, asintomatikoetan birusaren bilaketa modu eraginkorrez eta sentikorrez burutu nahi izanez gero, genomaren azterketa lehenetsi beharko litzateke.

Infekzio asintomatikoa duen edonor birusa eramateaz guztiz inkontzientea da, eta, bere bizimoduaren eta okupazioaren arabera, pertsona-kopuru handi batekin topo egin dezake, bere portaera aldatu gabe. Azken egunetan, bereziki hori ikusten ari gara: gizarteko hainbat pertsona pandemia aurreko portaera berdinak izaten. Baina dudarik gabe, babes-neurririk gabeko pertsonen zalapartak eta pilaketak osasun arriskua dira komunitate osoarentzat eta hori eragozteko neurriak hartu beharko lirateke, osasuna guztiona baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.