Nekane Goikoetxea.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. IRITZIA

Elkarbizitzarako forentseak

2016ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Deigarria egin zaigu askori PSEko lehendakarigaiak forentseak jartzea administrazioko hizkuntz eskakizunen ustezko gehiegikerien adibidetzat. Ez dakit nik zenbat forentse egongo diren euskal administrazioetan, baina kezkaren jopuntua hor jartzeak badu mamirik.

Forentseak bere lanean darabilen asepsia berarekin esan beharko litzaioke PSEko liderrari lasai egoteko, teknikari prestuek lanpostu bakoitzari dagozkion funtzio guztiak ongi aztertuta, lekuan lekuko indize soziolinguistikoa kontuan hartuta baloratzen direla hizkuntz eskakizun guztiak, baita, kasurako, forentsearena ere. Lanbide horretan herritarra ez dela mahaian hilotz duena, baizik eta bere txostenaren hartzailea, eta 3. Hizkuntz Eskakizuna behar dela txosten txukun bat egiteko.

Arazoa, bistan da, ez da ingeniaritza linguistikoaren aplikazioari dagokiona, ez da teknikoa. Arazoa euskarak merkatuan duen kredituan dago. Eta horretan Mendiaren argumentuak ukitzen du sensiblea den gai bat, euskararen aldeko diskurtso politikoki zuzen eta bere baitan gezurra ere baduena pitzatzen baitu. Onarpenean jar dezagun.

Kreditua da finantza erakunde batek, adibidez, dirua edo ondasun bat erabiltzeko aitortzen dizun eskubidea. Duela urte batzuk erraz lortzen zen kreditua; gaur egun, ordea, bankuek exijentzia handitu dute. Kreditu murrizketa ez da garai honetan diru kontu soila; logika liberal berarekin jokatzen dute boteredunek beste auzi batzuetan. Hizkuntza gaietan boteredunak estatu-nazioek babesten dituzten ideologia elebakarraren jarraitzaileak dira, pertsonaia quijotesco eta guzti.

Euskarak duen kredituaz norbaitek badaki, euskara teknikariak jakin ohi du. Bera da tokian-tokian (sail, erakunde, batzorde, sektore) euskaltasunaren sozializazioan duen ala ez duen kredituaz jakitun, baldintzak negoziatzen dituena. Euskaraz bizitzeko hautua egiten duen euskaldun orok ere esperimentatzen du bere erara euskararen (des)kreditua bere egunerokoan. Euskaldun gehienak hiriguneetan bizi garenez, elkarbizitzak erdaraz hitz egiten duela esan dezakegu. Eskubide urraketa izatekotan (akulturazioa) euskaldunena gertatzen da ohiko interakzioetan. Eskuzabalak gara, ordea.

Esango nuke jende euskaldun xumearen jokaera elkarbizitzaren aldekoa izan dela oro har. Gure nagusiek, gerra galdutako belaunaldiak, erakutsi ziguten elkarbizitza lehenesten. Baina baldintza izan da euskaltasuna herri proiektuaren estrategiaren erdigunera ekartzea. Eta hori ikusi da euskaldunen lidergoan, euskaltegiak bete dituzten euskara ikasle guztien ahaleginean, hurrengo belaunaldia euskalduna izateko D ereduaren hautua egin duten Euskal Herrira frankismoan iritsitako etorkinen aukeretan, beren ofizioa euskaraz berrasmatu duten ehunka funtzionarioren borondatean eta abar. Euskara ez baita DNA transferigaitza, herritar guztien esku dagoen bertakotzeko tresna baizik.

Horiek guztiak, ostera, frankismo osteko txanpak ekarri zituen. Gizon-emakume berri existentzialista urruti geratu da egun. Euskaltasuna akreditatu zuen olatu horri ez dio eutsiko elkarbizitzaren izenean euskaltasuna kuotetan ulertzen duen politikak. Euskaltasuna birsortzeko euskal hizkuntza baino gehiago behar delako, orain arte baino modu solbenteagoan irudikatu beharko genuke kultur politika, gazteei euskal identitate multirreferentzial osasuntsua garatzeko tresnak eman beharko litzaizkieke eta erdigunera ekarri euskaraz lan egiten duten hedabideak, adibidez. Ez da utopikoa, merkatua erregularizatzeaz ari gara. Bestela, Mendiak arrazoi.

Gutako askoren ustez, politika publikoak alinguistikoki irudikatzeak ez dio onik egiten elkarbizitzari. Euskara benetan bada elkarbizitzarako elementu funtsezkoa, kreditu hori ematen badiogu, ezin ditugu soilik euskararen aldeko politikak egin, politika egin behar dugu euskal herritartasun garaikidearen alde.

Paradoxikoa da hilobiz betetako lur batean eskubide berdintasuna aldarrikatzeko forentsea hizpide hartzea. Garaiko merkatuak desregularitzatzen ditu zoru komunak, ez soilik arlo ekonomikoan. Bortxaren ondoren hasten da forentsea lanean. Euskara teknikariak birziklatzen hasi behar ote dugu, forentse euskaldunak edukitzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.