Atef Abu Saif PANeko Kultura ministro ohi eta idazlea Euskal Herrian izan zen Gazako egunerokoa liburua aurkezten, iazko urrian, eta hitzaldi guztietan galdera bera egiten zioten. «Politikariak itsu eta mutu egonik, zertarako balio du hango eta hemengo herritarren elkartasunak?».
Galdera egiten zioten aldiro Gazan igarotako egunetako irudiak bata bestearen atzetik zetozkiola esaten zuen. Inora ez joateko bonbapean egiten zituzten korrikaldiak, eguneko jatekoa lortzeko egin behar izaten zituzten peripeziak, gau zaratatsu eta argitsu luzeak... Eta kanpotik iristen zitzaizkien irudiak zirela izua gainditzen laguntzeko antidotoa. Sakelakoetan ikusten zituztela protestak, pozarren, familia eta lagun artean. «Ez geundela bakarrik sentitzen genuen, eta hori gauza ederra da, esperantza sortzen duelako».
Egunotan Gazako gauak isilagoak dira, baina etxe puskak gainera eroriko zaizkielako beldurra ez zaie berehalakoan joango. Bizitokietara itzultzen ari dira, baina ez dute etxerik aurkitzen. Negua ate joka, gauak gero eta luzeagoak eta hotzagoak dira, aterperik gabe. Eskolak, ospitaleak, parkeak, errepideak… Dena dago suntsituta. Abu Saifek askotan esaten du lehen herri alai bat zirela, bizitasunez betea, baina orain alai egotea luxua dela, etorkizunean pentsatzea den bezalaxe.
Palestinarrek arnasa hartu dute, baina, ospakizunen ostean, mesfidati egoteko arrazoiak ez zaizkie falta, etorkizuna ziurgabea da eta. Donald Trumpen bakeak eta hark aipatzen duen Ekialde Hurbileko Urrezko Aroak galdera asko sorrarazi ditu. Israelgo tropak Gazatik aterako dira? Trumpek berak gidatu eta Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia parte izango den administrazio teknokratikoak nola berreraikiko du, ba, Gaza? Nola egingo dute gazatarrik gabeko Gaza? Nola desokupatuko dute 1967az geroko okupazioa? Nola desegingo dute 2007az geroko blokeoa? Mugak zabalduko dituzte?
Munduko agintariek txalotu egin dute Trumpen prestasuna. Bake proposamenaren aurretik, hasi ziren urratsak egiten Israel estu hartzeko. Ez nahi beste estutzeko, baina, ia bi urteko isiltasunaren ostean, zerbait egin beharra zegoen genozidioaren aurka, ezin ziren-eta gehiago ezkutatu mundu lotsagarri honen eskrupulurik gabeko ekintzak. Bake eskaintzak, berriz, lasaiago utzi du agintarion kontzientzia, eta egiten hasi ziren bidean erlaxatzeko aukera ere eman die.
Arriskua dago bertan goxo geratzeko, eta horregatik dute zentzua, bake proposamenaren ondoren inork zalantzan jarri badu, gaurko protesta eguna eta lanuzteak bezalakoek. Gerra hotsak isiltzea ez baita bakea. Israel Trumpen eskaintzarekin pozik egoteak ez baitu bakea ekarriko, eta txikizioak ez baitu etenik izango elkartasuna eta herritarren tentsioa baretzen badira. Elkartasuna, Abu Saifek dioen bezala, esperantza baita, palestinarrek palestinarrentzat eraikiko duten etorkizunean sinistu ahal izateko, etorkizunik bada.
Bake prozesua ez dadila izan okupazioan eta sarraskian isilean jarraitzeko aterabidea. Oso garrantzitsua da Israeli presioa egiten jarraitzea, Palestinan genozidioa, okupazioa eta kolonizazioa behin betiko bertan behera uzteko. Garrantzitsua da langileok elkartasuna izatea Palestinako langileekin. Garrantzitsua da enpresen jarduera geratuz erakunde publikoei eta politikariei eskatzea Israelekin eta hango enpresekin dituzten harremanak eteteko.
Elkartasuna modu askotan erakutsi behar da, langileek, ikasleek, herritarrek dituzten tresna guztiak erabilita; jarduera ekonomikoa geratuta ere bai. Ekonomia ezin baita bereizi gertatzen denetik. Ekonomia munduaren jaun eta jabe delako gertatzen baita gertatzen dena. Gaurko protestak, lanuzteak eta eltze jotze entzutetsuak Gazaraino heldu dira, Zisjordaniaraino ere bai, eta itxaropentsu hartu dituzte Palestinako Abu Saif guztiek, ez daudelako bakarrik, «eta hori gauza ederra da, esperantza sortzen duelako».