Pastor
DARWIN ETA GU

Esperanza, Esperanza…

2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Hori ustekabea! Bilbao BBK Live festibalera joateko autobusa hartzera joan eta kartelak irakurri ditu musikazale euskaldunak: itxaropen gabe igo / sube sin esperas / get there without waiting. Itxaropen gabe igo. Marka da gero! Zer esperantza, zer itxaropen baztertu behar du? Musika ona adituko duen itxaropena? Udan sexu infekzioetatik babesteko banatzen diren kondoiak erabiliko dituen esperantza?

Hori gutxi ez, eta beste kartel bat ikusi du euskaldunak San Mamesen: hartu zure eskumuturra / recoge tu pulsera / pick up your wristband. Ondo. Badakigu zer egin behar duen BBK Livera doan euskaldunak: itxaropenik ez izan eta eskumuturra hartu. Eskuburdinak jartzea besterik ez du behar.

Nork euskaratu ditu testu horiek? Erdaratik egindako itzulpena izan baita. Espainieraz edo ingelesez recoge tu muñeca, pick your wrist up bezalako axolagabekeriek lotsagorritu egingo lituzkete gure jaun-andre antolatzaileak. Euskaraz izatekotan, ez. Eskerrak erdarazko hitza pulsera izan den. Muñeca izan balitz, hartu zure panpina irakurriko genukeen, agian. Badakizu: ez izan Kobetamendin txortan egiteko itxaropenik. Hartu panpina eta harekin alaitu kanpina.

Kobetamendira itxaropen gabe abiatzeko gonbita egin zigun BBK Livek, ostegunean. Egun horretan ere itxaropenik ez izateko esan zigun Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Indarrik gabe utzi zituen euskara normaltzeko hartutako neurriak. Madrilek du azken hitza. Berak jartzen du musika; berak zuzentzen du orkestra. Oraingoan, udalek euskaraz jarduteko araua baliogabetu du. Voxen ekimena garaile. Eta PP, zenbait lagunek euskaltzaleak boteretik baztertzeko laguntza ematea eskertzen dioten alderdi espainolista, pozarren.

Auzitegiak azaldu duenez, euskarari lehentasuna emateko eskatzen duen arauak «gaztelaniaren gainetik» ipintzen du euskara. Haren aburuz, onartezina da, Espainiako Konstituzioaren aurka baitoa. Hortxe dago koxka. Hemen, egiten duguna egiten dugula, lege espainiar gorena izaten dugu gainean. Beti. Non da aldebikotasuna? Non berdinen arteko harremanak? Madrilek zapalkuntza ikusten du euskararen aldeko neurrietan. Elebitasuna bultzatu behar omen da. Askatasunez, begirunez.

Elebitasuna. Ideia horrek ekar dezakeen tranpa salatzen du, hain zuzen, Yasnaya Aguilar hizkuntzalari eta idazleak. Aguilar andrea Katalunian izan zen duela gutxi, eta Mexikoko egoera kritikatu zuen bertan: «Elebitasuna ez da arazoa, elebitasun horretan erabiltzen diren hizkuntzak baizik». Izan ere, mixe hizkuntzaz eta espainieraz jarduten duten eskolak ez bezala, beste ikastetxe elebidun batzuk oso ondo ikusita daude Mexiko Hirian. Zein dira eskola horiek? Espainieraz eta ingelesez ari direnak.

«Hizkuntzak ez dira hiltzen; hizkuntzak hil egiten dituzte», zehaztu zuen adituak. Hizkuntza hegemonikoaren inguruan eraikitako elebakartasuna kritikatu zuen: «Elebakartasuna txarto ikusita dago hizkuntza indigena denean, baina herritar gehienak gazteleradun elebakarrak izatea ez dago txarto ikusita». Hortik dator batzuek elebitasunaren aitzakiaz egindako azpijokoa, haren iritziz: «Elebitasuna sustatzen dut zuri hizkuntza kentzen dizudan bitartean. Beste hizkuntza bat irakatsiko dizut zeurea ahatz dezazun. Ez da elebitasun orekatua. Nire esperientziatik ikusita, batzuetan hobe da hirugarren hizkuntza bat izatea, mintzaira hegemonikoari itzal egingo diona».

Itxaropenik ez BBK Liven. Villano Antillanoren Mujerón artelan poetikoa entzuteaz gain —esa nena es una jeva, un mujerón (…) en la cara y que salpique—, ez zen gaizki etorriko beste antillano baten —Antonio Machín zena— kantaren bertsio bat ere aditzeko aukera izan balitz. Non eta noren menpe bizi garen eta, ondorioz, itxaropenak hemen ezer gutxi balio duela gogorarazteko: Esperanza, Esperanza, sólo sabes bailar cha cha cha… Besterik egiten jakin behar zuen, ba, Esperanzak? Gure esperantzak dantzan baleki, horretan gozatzen utziko lioke Madrilgo orkestraren zuzendariak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.