inaki petxarroman
Beroaldia

Beroa: etorkizuna orain da

2026ko ekainaren 25a
14:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bero bolada gogor batek jo berri du Euskal Herria. Lau egun jarraian, lurraldearen zati handi batean tenperaturarik altuenak 40 gradutik gorakoak izan dira, eta horrek eragin larria izan du pertsonen osasunean eta bizimoduan. Maiatzean antzeko prozesu bat izan zen, ez oraingoa bezain gogorra, eta jende askoren kezka eta arreta erakartzeko aukera eman dute bi beroaldi hauek.

Iragarrita dago, eta argi geratzen ari da urterik urtera, halako gertakarien maiztasuna eta larritasuna handitzen ari dela. Datu bat ematearren, 1986tik 2023ra 1,2 eta 1,7 gradu artean igo da batez besteko tenperatura Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburutan. Planeta berotzen ari den baino azkarrago berotzen ari da Euskal Herria kokatuta dagoen Europako hegoaldeko eremu geografiko hau. Hori ere zientzialariek iragarrita daukate, eta betetzen ari da.

Hurrengo urteetan lan handia egin beharko dute herritarrek eta erakundeek gero eta beroagoak eta luzeagoak izango diren udak igarotzen laguntzeko, estres termikoa asko handitzeko joera baitago. Bereziki lana egin beharko da ekonomikoki eta osasun baldintzen aldetik zaurgarrienak diren kolektiboak zaintzeko, beste askotan bezala, haiek sufrituko baitute gehien. Beraz, justizia soziala ezinbestekoa izango da egokitzapen prozesu horretan ere.

Hala ere, gai hau ez da zerotik datorren gaitz bat, zeinaren aurrean ez dagoen zereginik. Bero boladen intentsitatea eta gogortasuna handiagoa edo txikiagoa izango da planeta berotzen den gradu hamarren bakoitzaren arabera, hau da, erregai fosilak errez atmosferara isurtzen dugun gasen kantitatearen arabera.

IPCC Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Aditu Taldeak zehazki aztertu zituen bero handiko boladak bere seigarren ebaluazio txostenean —2022an egin zuen—, eta gure ingurune geografikoari zorrotz erreparatuta, gainera. Eta ondorioak argiak dira: planetaren tenperatura globala 3,2 gradu igoko balitz —kontuan izan dagoeneko 1,5 gradu berotu dela ia—, Euskal Herrian gaur egun baino hamar eta hogei egun gehiago lirateke estres termiko handikoak (35 gradutik gorakoak). Hori batez besteko kopuru bat da, eta, beraz, urte hobeak edo txarragoak izango dira, baina pasatu ditugunak bezalako hamar edo hogei egun gehiago urtero izateak erakusten du zenbaterainokoa den gizarte honek jokoan duen erronka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA