Pastor
DARWIN ETA GU

Extremaduran euskaraz

2016ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Soilik euskaraz idatzita zegoelako bota du atzera Eusko Legebiltzarreko Mahaiak lege proposamen bat. Testuak unibertsitatez kanpoko hezkuntza sistemako hizkuntzak zituen ardatz, baina, euskara hutsez idatzita zegoenez, ez dute onartu ere egin. PSEk eta PPk bat egin dute EH Bilduk aurkeztutako proposamena baztertzeko. Eta EAJ abstenitu egin da.

Xabier Isasi eta Juanjo Agirrezabala legebiltzarkideek eman dute horren berri. Ezker abertzalearen ordezkariek adierazi dutenez, EAJren abstentzioak «ahalbidetu» egin du euskararen kontrako erasoa. Bi politikarien arabera, afera are salagarriagoa da kontuan badugu PPk diru-sarrerak bermatzeko errentari buruzko lege proposamen bat aurkeztu zuela, erdara hutsez, orain bi aste edo. Eta mahaiak onartu egin zuela. Zer egin zuten orduan jeltzaleek? Erdarazko testua onartu, baztertu ala abstenitu?

Larria da gertatutakoa. Bi alderdi politiko unionistek EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean idatzitako testua gaitzetsi dute. Eta bere burua abertzaletzat duen alderdiak haien ekimenari lagundu dio, abstentzioaren bidez. Haiek euskarari ezezkoa eman, eta EAJk kontra egin ez. Baztertze horren konplizea. Hauteskunde kanpainaurre batean hala jokatzea, geroan horrek emaitzei eragingo ote dien kezkatu barik, seinale argia dugu: euskarak gure eguneroko bizimodu sozialean eta jardun politikoan duen garrantzia eskasaren isla da. Azaleko sostengu eta adierazpen emozionalez gain, hutsaren hurrena da garrantzi hori. Kopeta izan behar da Eusko Legebiltzarrean lege proposamen bat ez onartzeko, zergatik eta euskara hutsez dagoelako. Ez ingelesez edo portugesez, ez. Euskaraz! Euskarak Eusko Legebiltzarrean bertan babesik eta begirunerik ez badu, non izango du, bada? Extremadurakoan, agian? Ulergarria da bi alderdi unionistek horren kontra egitea eta Euskal Herriko berezko hizkuntza baztertzea. Jeltzaleen jarrera da mingarriena. Euskara bigarren mailako hizkuntza moduan tratatzen uztea. Eta gero, komeni zaienean, «errespetu instituzionala» eskatzen dute. Euskarak ez al du errespetu instituzionalik merezi?

Hori bezain kezkagarria da bi alderdi horien jarrerak eta EAJren sostengu pasiboak gizartean eragin duten egonezin eskasa. Albistea argitaratu den webgunean dozena erdi iruzkin azaldu dira kritika gisa. Besterik ez. Kito. Euskara ez dago gure agendan. Ez behar lukeen moduan, behintzat. Boto baten truke kapazak gara erdarazko mitina egiteko Beizaman, entzuleen artean hiru erdaldun despistatu daudela jakinez gero. PSEk eta PPk, aldiz, ez dute euskaraz egingo La Puebla de Labarcako ekitaldi politiko batean, ordu laurden batez ere ez, bertako ikastetxe bakarra ikastola dela eta boto-emaile gazteenak euskaldunak direla jakin arren. Espetxetik irten eta gero Arnaldo Otegik Anoetan egindako agerraldian, zein izan zen hizkuntza nagusia? Erraza da besteek egiten dutena arbuiatzea, baina zer egin gutarrek, praxian, antzera jokatzen dutenean? Oso jende gutxik kritikatu zuen ozenki orduan euskarari emandako tratamendua. Gauden garaietan gaudela, eta batez ere hauteskunde bezperan, kontuz: erdal belarriak gozatu behar ditugu, sentsibilitate handiz konposatzen ari garen sinfoniarantz hurbil daitezen.

Erdara da nagusi gure gizartean; erdara da nagusi gure politikan. Gure ordezkari politikoek Twitter sare sozialean zein hizkuntza erabiltzen duten ikusi besterik ez dago, esaterako. Kasu batzuetan datuak negargarriak dira, batez ere abertzaleen artean. Besteenak, azken batean… Eusko Legebiltzarreko Mahaian gertatua gure egunerokotasunaren ispilua baino ez da. Hala bada ere, ezin uka daiteke EAJren abstentzioak duen sinbolismo etsigarria. Eta horrek ez du hau ezkutatzen: hemen, zoritxarrez, ulergarri eta justifikagarri dugunak ulertezin izaten segitzen duela kanpoan. Horregatik, lagun katalan bati azaltzen diozunean aste honetan Eusko Legebiltzarrean ikusitakoa, hau erantzuten dizu: «Eta EAJ abstenitu egin da? ¡Te cagas!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.