Baimouna Badalija du izena. Lau urte daramatza Euskal Herrian, eta bi ume soinean. Bata haur kotxean garraio eta bestea gonatik helduz duela iritsi da eskola kartzela ematen duen eraikinaren parera. Barra lodidun atea, ordura arte goizeko ordu horietan irekia topatu izan duena, itxia dago. Pazko asteko asteartea da, eta Badalijak ez daki eskolak itxita daudela. Ez da jenderik ikusten kalean, eta zer gertatzen ote den imintzioka hasi da, albotik pasatu zaion emakume batek esan dion arte eskolak Pazko astean ere itxita egoten direla. Noraezean geratu da, bi umeak zintzilik. Umeak eskolan utzita etxeak garbituz beltzean irabazten duen diru apurrak laguntzen dio beste bi familiarekin partekatzen duen etxeko logela ordaintzen. Badalija pilo bat irudikatzen dut Euskal Herrian. Ba ote dakite Pazko astea jai den moduan maiatzaren 28an udal eta foru hauteskundeak daudela aurten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan? Ba ote dute eskubiderik botoa emateko? Ba ote dakite zer hautagaitza dauden? Zer erabakitzen den?
Adituen arabera, abstentzioa %85etik gorakoa da atzerritarren artean, botoa eman dezaketenen ehuneko handi batek ez baitu horretarako eskubiderik ere. Bi arrazoi nagusi aipatzen dituzte abstentzioa handia izateko: informazio falta, lanorduak trumilka pilatzen dituztelako askok, eta ez dutelako baliabiderik informatzeko; eta ordezkaritza falta: hau da, beren burua ez dute ordezkatuta ikusten.
Apenas entzun den kanpaina honetan haientzako mezurik, gure gizarteari eusten dioten ezkutuko lanen zutabe nagusietakoa diren arren. Inor-ezen pare kanpainan.
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA
Ezdeusen pare herritarren parte bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu