Zaloa Basabe.
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Ezkor baten malenkoniak

2015eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Formularik hoberena izango da demokrazia, baina batzuetan baliteke egokiena ez izatea. Barazkien antzera. Osasuntsuena dira, baina erdiko alabari ematen badizkiot kotxea hartu aurretik, ez dira aukerarik aproposena. Nafarroan ia 40 urte daramatzan Erregimena dugu, horietako azkenak UPNren makuluaren itzalean. Aldaketaren indarrak gobernura heltzen badira datozen hauteskundeen ostean, lau urte besterik ez dute izango. Alfonbren azpian usaintzen den kaka imajinatzen dugunaren erdia bada, zaborra ateratzen emango dituzte urte horiek, etxea txukuntzeko astirik gabe eta are gutxiago eraldatzeko eta hiritarren beharretara moldatzeko. Agindutako aldaketak ez badira denbora horretan gauzatzen, lau urteren ostean emaitza bera emango dute hautetsontzi demokratikoek? Tamalez, interes subjektiboen batuketak gehienetan ez du interes kolektiboarekin bat egiten.

Gogoan ditut garaiak eta tokiak non alderdi handi batek interes kolektiboa irudikatzen zuen, hiritarrek denboraren kudeaketa agintzen zioten bitartean...

Orain denok izan nahi dugu demokratenak, baita barne mailan ere. Baina asanbladetako prozesuek ez dizkigute behar ditugun proposamen erradikalak ekarriko. Kontsentsuak neurri moderatuenetarako joera du beti, eta moderazioak ez digu aldaketa ekarriko, ez Nafarroara ezta eskuineko gobernuen tunel luzea zeharkatzen duen inora ere, berdin UPN, EAJ edo PP izanik. Moderazioak gutxieneko batzuen inguruko negoziazioak sustatuko ditu, demokraziaren indar zentripetoen eraginez ezinbestean zentrora eramango gaituztenak.

Gogoan ditut abangoardiak osaturiko exekutibak, norabidea irmoki mantentzeko gure konfiantza osoa zutenak...

Badakit horrelakoak ezin direla tribuna politiko batetik bota, are gutxiago aurkezten diren indar politikoetako baten ordezkaria bazara. Baina nik egin dezaket, tarteka malenkonia sentitzen duen oinarrizko militante ezkorra baino ez naizelako. Noizbehinka, demokraziaren apologien aurrean, mesfidantzak gainditzen nau. Eta ez da bakarrik ez naizela enpresen oligarkiaz edota betiko alderdietaz fidatzen —eskuinaz orokorrean, eta Euskal Herrian dituzten sukurtsal espainoletaz partikularrean—. Ez naiz aldaketa erradikalak —eraikitzeko suntsitzen dutenak, eraldatzeko lasta botatzen dutenak— oztopatzen dituen sistema beraz fidatzen.

 Baina, nire ultzeraren onerako, erabateko konfiantza daukat milaka militanteen iraunkortasunean eta beraien lan finean. Konfiantza osoa daukat ni baino baikorrago diren pertsonengan, eta une lausoetan aurpegia emateko gai direnengan. Horiei esker, tarteka itxaropena ere badut. Espero dut, berriz ere, ni oker egotea. Espero dut baikorrek, ilusioa izateaz gain, arrazoia ere izatea. Espero dut, benetan, maiatzaren 25aren ondotik aldaketa atzeraezina izatea Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.