Izaskun Larreategi Kuadra ezker abertzaleko militante historikoa hil da. Sortuk jakinarazi duenez, Urtezahar gauean zendu zen Larreategi Kuadra, ETAko, KASeko, HASIko eta HBko militante izandakoa. Haren bikotekide izan zen Txomin Ziluaga, hainbat urtez HBko mahai nazionaleko kide izandakoa—2012ko urrian hil zen—. Azken urteetan ez da politikaren lehen lerroan ibili Larreategi Kuadra, baina ezker abertzalearen estrategia aldaketa babesteko hainbat agerraldi garrantzitsutan parte hartu izan du, eta Iratzar fundazioaren Korapiloa proiektuan ere agertu zen.
Frankismo garaian ibili zen ETAn Larreategi Kuadra. Aro haren osteko trantsizioaz mintzatu zen iaz Iratzar fundazioak egindako elkarrizketan. Kritiko agertu zen: «Trantsizioa hasi zen [Francoren] erregimenaren barruan, hark gidatu zuen [...] Instituzionalitate bera da 1978ko erregimena, soilik menpeko alderdi eta sindikatuak sartuta».
Amnistiaren ideiaz ere egin zuen hausnarketa. «Ikuspuntu iraultzailetik» kontzeptu okerra zela uste zuen: «Zurekin hitzartzen dut, eta ahazten gara biok zu hiltzailea izan zarela eta ni ere bai. Biotako inork ez dugu ezer egin, goazen zerotik hastera, baina ni nire botere guztiarekin, ondo antolatuta. Ni nire estatu aparatu denekin, poliziarekin [...] Herrien memoriaren alde nago. Beraz, amnistiak kontraesan gehiegi ditu».
2007an, ezker abertzaleak Anaitasunako Proposamena aurkezteko atarian, hari babesa emateko agerraldian egon zen. 2011n, ezker abertzaleak «soilik bake bideekin eta jarduera politikoekin» konprometitutako proiektu bat behar zuela adierazi zuen, Altsasuko (Nafarroa) agerraldi batean.
HILBERRIA. Izaskun Larreategi
Frankismotik ziklo aldaketara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu