Koldo Nuñez Betelu.
ARGI ALDIAN

Geologiak ez dakiena

2017ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Azkeneko asteotan mugimendu sismikoak atzeman dira Euskal Herrian; horietako bat, 4,2 indarrekoa, Iruñe ondoko Orikain herrian. Segituan jakin genuen non izan ziren epizentroa, hipozentroa, indarra, zein failatan eta beste datu batzuk. Hurrengo ordu eta egunotan mugimendu txiki gehiago gertatu ziren. Jakin badakigu Nafarroan eta Zuberoan aukera asko daudela horrelako gertaerak izateko, baina ez dakigu zehatz- mehatz noiz edo non gertatuko diren eta zein izango den horien indarra. Gehienez, badakigu Pirinioen aldea dela arriskutsuena eta bertan, 5 edo 6 indarreko lurrikara gerta litekeela edozein unetan. Baina zehatz, ezer gutxi gehiago. Izan ere, Iberiar Penintsulan, Granada eta Murtziaren ondoren, Nafarroa da jarduera sismiko handiena duen lurraldea.

Beste gauza asko ere ez dugu oraindik ezagutzen geologian eta zientzian orokorrean. Azken 200 urteotan zientziek asko aurreratu dute eta dagoeneko pentsa dezakegu gehiena ezagutzen dugula. Unibertsitatean ikasle nintzenean horren irudia transmititu zidaten, eta ni neu irakasle izan nintzenean berdin egin nuen ikasleekin. Unibertsitateak horrelako ziurtasuna eman behar omen digu, alegia, zientzia oro ahaldunak dena ezagutu eta kontrola dezakeela. Baina zientziaren arlo guztietan asko dago oraindik gure ezagutzatik kanpo, gehiena, zalantzarik gabe. Geologian, esaterako, plaka tektonikoen teoriak gauza asko azaltzen baditu ere, beste asko erdizka besterik ez ditu azaltzen, benetan ez baitugu ezagutzen Lurraren barnea. Eta hori ezagutu gabe, sismologiaren arloak bildutako datuak, mekanismo ezagun batzuk, hipotesiak eta estatistikak erabiltzen ditu gehien bat iragarpenak egiteko. Berdin gertatzen da bulkanologiarekin.

Badakigu, bestalde, mendiak altxatu egin direla, itsasoak zabaldu edo itxi eta kontinenteak mugitu baina benetako prozesua, abiadura eta xehetasun gehienak ezezagunak dira. Paisaia, hortaz, aldatzen ari da etengabe, baina zein erritmotan? Nolakoa izango da, esaterako, Euskal Herria deitzen dugun inguru hau milioi bat urte barru? Ezin benetan jakin. Areago, bizitza duela 4.000 milioi urte inguru azaldu omen zen gure planetan, azken ikerketen arabera. Ordutik hona, bizitzaren konplexutasuna ikaragarri aldatu eta areagotu da. Artean, milioika eta milioika espezie egon dira eta horietako gutxi batzuk ezagunak ditugu neurri batean fosilen bitartez. Gehienak, hala ere, desagertu egin dira arrastorik utzi gabe. Paleontologiaren ezagutza izugarri zabaldu da, baina gehiena ez dugu ezagutuko, edo partzialki baino ez dugu egingo. Milaka eta milaka urte pilatzen dira arroka sedimentario baten zentimetro gutxitan; nola egon daiteke, orduan, bertan erregistro fosil osoa?

Baina badaude egun gertatzen ez diren fenomeno geologikoak ere. Gizaki modernoak ez ditu inoiz zuzenean ezagutu: glaziazioak, itsas mailaren aldaketak eta eremu magnetikoaren inbertsioak. Hirurak, antza, oso azkar gerta omen daitezke, baina ezin esan zenbat urtetan gertatzen diren, eta hirurek izugarrizko garrantzia eduki dezakete geure zibilizazioaren iraupenerako.

Ez dut uste adibide gehiago behar direnik azpimarratzeko noraino garen oraindik ezjakin. Aurrerapenek ezagutzaren lilurara eraman gaitzakete eta, horretan oinarrituta, behar bezalako badaezpadako neurriak ez hartzera. Horregatik, egun berriz geologia irakatsiko banu, ikasleei lehenengo eta behin hauxe irakatsiko nieke: zein gutxi dakigun eta zein arriskutsua izan daitekeen kontrakoa pentsatzea. Asko dago oraindik ezagutzeko eta asko aldatuko da, esaterako, gure planetaren geologiaren ulermena ezagutza areagotzen dugun neurrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.