Munduko bazter batetik bestera ibili zen Carlos Astigarrabia (Bilbo, 1934) 36ko gerraren ondorioz Euskal Herria utzi behar izan zuenetik. Aita Juan Astigarrabia zuen, Euskadiko PCEko idazkari nagusi eta Jose Antonio Agirreren Jaurlaritzan kontseilari, eta Francoren armada Bilbora hurbiltzen ari zela, Sobietar Batasunera bidali zuten beste iheslari askorekin batera. Moskutik lehendabizi Parisera eta gero Panamara egin zuen familiarekin, eta 1962an, aita lagun zuela, Kubara iritsi zen, hango iraultza ezagutzera. Astigarrabia herenegun hil zen, Habanan, 76 urte zituela.
Bilboko Zorrotza auzoan jaio zen, Guardia Zibila etxean zuela. Aitaren bila joanak ziren, eta jaio zenean hantxe zeuden. «Esan zuten etxetik ez zirela aterako Juan Astigarrabia non zegoen esan arte. Eta paretara begira jarriko zirela. Horrela jaio nintzen», esan zion duela hiru urte BERRIAri. Hiru urte bete gabe, Sobietar Batasunera eraman zuten, eta 1939an, gurasoak Parisera iritsi eta berehala, seme-alabak Frantziara bidali zituen alderdi komunistak. Panaman igaro zituen hurrengo hogei urteak, eta 1962an Kubarako bidea hartu zuen. «Ni ezkonduta nengoen Panaman, baina aita ezin zen ezer egin gabe egon, eta lagundu egin nuen». Han komunismoa ezagutu zuen. Aita Euskal Herrira itzuli zen, baina bera Kuban gelditu zen. •
Hilberria. Carlos Astigarrabia
Habanara iritsi zen gerrako umea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu