Garbiñe Biurrun Mancisidor.
Miguel Angel Blancoren hilketaren 20. urteurrena. IRITZIA

Hausturak

2017ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herritik kanpo nengoen, ezbehar familiar baten ondorioz, eta han jaso genituen berriak. Ezin nuen sinetsi. Mehatxua bete zuen ETAk. Hil egin zuen. Zerbait hautsi zen nire barruan.

Gauzak zer diren; kointzidentziak. Nik Miguel Angel Blanco ezagutzeko aukera izan nuen. Haren musika taldeko kide baten laguna nintzen eta banaiz, eta adiskide horren ezkontzan izan ginen biak. Bahiketaren berri izan nuenean, behin eta berriz irudikatzen nuen ezagutu genuen momentu labur hura. Jasanezina egiten zitzaidan pertsona hura zer bizitzen ari zen pentsatzea; hari zer esaten zioten bahitzaileek, zer jakingo zuen berak bere etorkizunaz, eta bere buruari zer esango ote zion 29 urteko gazte hark, ETAk hiltzeko mehatxua egin eta hil arteko 48 ordu horietan.

Edozein hilketa da injustua eta zilegitasunik gabekoa, baina hura iruditu zitzaidan bereziki larria, krudela.

Esan bezala, Euskal Herritik kanpo nengoen, gertu-gertuko jendearekin, senitartekoekin. Haietako bat ezker abertzalekoa zen, Batasunekoa, eta elkarrekin geunden, etxe berean. Intentsitate emozional handiko orduak izan ziren, eztabaida oso gogorrak izan genituen. Baina esan beharra daukat hilketa hark ez zuela nire jarrera eta ideietan aldaketarik eragin; aspalditik pentsatzen bainuen berdin: ETA aspalditik ari zen giza eskubideak larriki urratzen eta injustizia ikaragarriak sortzen, horrek ez zuen inolako justifikaziorik. Uste dut bi egun madarikatu horiek guztiongan izan zutela eragina.

Ni garai hartan batez ere mugitzen nintzen unibertsitatean eta epaitegian. Ordura arte unibertsitatean gertuko kide nituen batzuek distantzia bat hartu zuten nirekiko. Haustura eta zatiketa sentitu nuen, Ermuko espiritua deiturikoaren ondorioz, bereziki; horrek eragin handia izan zuen nire ingurune pertsonal eta profesionalean.

Maila politiko eta judizialean ere oso sakoneko aldaketak egon ziren oso denbora laburrean. Hausturak eta lubakiak. Miguel Angel Blancorekin gertatutakoren ondorioz, batzuek zilegitasunez jantzi zituzten aspaldiko aldarrikapen eta exijentzia batzuk. PP gobernura iritsi berria zen, lehen aldiz; urte eta erdi baino ez zeraman, eta batzuk gertatutakoaz baliatu ziren ETAren aurka —baina ez soilik— zituzten ideiak aurrera eramateko.

Erauntsia izan zen. 1995ean onartu zen Zigor Kode berria, eta Miguel Angel Blanco hil eta urtebetera, beste bat zirudien legeak; egin ziren erreforma oso sakonak, kale borrokaren aurka, manifestazioen kontra, mehatxu eta apologiarekin loturikoak... Miguel Angel Blanco hil eta urtebetera, zabaldu zen 18/98 auzia, eman zion Garzonek hasiera dena ETA da tesiari. Horrek guztiak sortu zuen giro bat eta eman zion bultzada politiko bat 2002an onartu zen Alderdien Legeari, eta gerora etorri zen guztiari.

Ordukoaren emaitza dira oraindik indarrean diren eta erabat injustua diren hainbat lege eta irizpide juridiko. Injustizia baten ondorioz, beste injustizia larri batzuk bultzatu eta gauzatu ziren, batak eta besteak elkar elikatu zuten. Eta hori benetako haustura bat izan zen zuzenbide estatu batentzat. Orain, hori amaitzeko garaia dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.