Eneko Bidegain.
Analisia

Herria oinarri eta helburu

2023ko ekainaren 26a
15:53
Entzun

Euskaldunon Egunkaria itxi zigutenean, berehala hasi ginen haren ordezko egunkaria izanen zena prestatzen eta egunkari berri haren sostengatzaile eta irakurle izanen ziren milaka lagunengana nola joan pentsatzen. Zergatik erosi egunero euskarazko egunkaria? Zergatik atera egunero zenbaki berri bat? Euskaraz delako eta kito? Ala beste arrazoi batzuengatik ere bai? Ez da eztabaida hutsala, eta ez da existitzen ez den debatea.

Bada pentsatzen duenik gure behar informatiboak asetzeko produktuak baditugula beste hizkuntzetan, eta euskarazko hedabideen lehentasuna ez dela izan behar beste hizkuntzetan lor ditzakegun informazio horien bila joatea, baizik eta euskarazko hedabideak kontsumitu behar ditugula euskaraz direlako, euskara lantzeko, bestelako berri batzuk jakiteko, baina ez Turkiako hauteskundeei, Sudango gatazkei edo Euriborraren gorabeherei buruzkoak.

Horren kontrara, beste batzuen iritzia da euskarazko hedabideen bidez gure behar informatibo guztiak asetzeko aukera izatea ezinbestekoa dela euskararen normalizazioan. Euskaldunon Egunkaria irakurriz, ez zen baitezpadakoa El País edo Le Monde irakurtzea. Eta hori zen BERRIA sortzearen motibazioetako bat. Euskara nazio hizkuntza da, hizkuntza horretan ase ditzakegunean gure mendeko herritar baten behar guztiak, administraziotik literaturara, aisialditik akademiara, lan mundutik albisteetara...

Askok euskara zokoratu nahi dute; hizkuntza etniko soil izatera mugatu nahi dute: etxeko hizkuntza den heinean onartzen da, baina beste esparruetara zabaltzen denean hasten dira arazoak. Euskara ez bada hizkuntza nazionala, euskal herritarrek beste hizkuntza batean egin behar dituzte gizarteko zeregin guztiak. Beraz, frantsesa edo espainola dira afera nazionalekin lotzeko hizkuntzak; euskara azpihizkuntza bat da, eta euskal lurraldeko hizkuntza erreferentea eta nazionala frantsesa edo espainola da. Aldiz, euskara hizkuntza nazionala bada, eta, beraz, frantsesa edo espainola ez badira ezinbestekoak bizitzako kontu «serioak» edo etxetik kanpoko harreman zein aisialdi gaiak kudeatzeko, frantsesak eta espainolak hizkuntza nazionalaren izaera galtzen dute Euskal Herrian. Eta bistara agertzen da Euskal Herrian dugun arazoa nazio arteko (hots, nazioarteko) arazo bat dela. Euskal Herria nazio bat dela ukatu nahi dutenek asmo horrekin kendu nahi diote euskarari estatus nazionala. Eta hortik datoz behin eta berriz eta azkenaldian are ozenago errepikatzen diren auziak: mediku euskaldunena, udaltzain posturako hizkuntza eskakizunena, filmen bikoizketena, eta abar.

Euskaldunon Egunkaria-k, lehen, eta BERRIAk, orain, munduko eta bizitzako esparru guztiak euskaraz aipatzeak nazio izaera ematen dio euskarari. Bistan da, prentsarekin bakarrik ez da aski, eta beste hamaika arlotan ere behar du euskarak nazio estatusa, baina prentsa ezinbesteko arloa da. Euskal prentsa nazionalak herri gisa independenteago egiten gaitu, ez bakarrik frantsesaren eta espainolaren beharrik ez dugulako, baizik eta mundua gure begiekin kontatzen digulako. Independenteago egiten gaitu, herri bat, nazio bat eta bere lurraldea marrazten dituelako bere egunerokoan. Independenteago egiten gaitu gure kulturari ahotsa ematen diolako. Independenteago egiten gaitu euskararen normatibizaziorako eragilea delako, eta hizkuntza batek nazio hizkuntza izan behar badu, lagunarteko erregistrotik erregistro formalera ere heldu behar baitu.

Une honetan, hainbat mehatxu ditugu: euskara batuaren ustezko artifizialtasunaren aurka altxatzen ari diren ahotsak, zenbait eskualdetan euskal irakaskuntzak dituen zailtasunak (azterketak euskaraz egitea, adibidez...), auzitegietan euskararen kontra hartzen ari diren erabakiak, antolaketa administratibo menderatzaileak eragin duen lurralde zatiketa, eta abar. Arloz arlo eztabaidatzen da, erantzunak pentsatzen dira, baina arazo horiek guztiak arazo orokor baten atal gisa ikusi ezean, ez gara hurbilduko konponbidera. Oinarrian betiko arazoa dago: Euskal Herriari nazio izaera ukatzea eta euskarari nazio hizkuntza estatusa ez onartzea. Bide hauetan egin diren urratsetan atzera egiteko ahaleginean ari dira hainbat sektore politiko.

Euskalgintza, herrigintza eta naziogintza hiru arlo dira, baina elkarrekin hertsiki lotuak direnak. Euskara ez da salbatuko hizkuntza etniko izatera mugatzen bada. Baina euskarari arlo guztietako hizkuntza izaera ematen bazaio, nazio arteko gatazka sortzen da. Alferrik da erratea euskara ez dela politizatu behar: ez da elektoralki instrumentalizatu behar, baina euskararen auzia errotik politikoa da. Eta auzi horretan, euskarazko egunkari oso bat behar du Euskal Herriak.

Zorigaitzez, ez dira garai onak hedabideentzat. Euskal prentsaren egituraketa ez da anitz aldatu, ordea, azken 20-30 urteetan. Euskal hedabideen fragmentazioak hausnarketa sakonak eskatzen ditu, oraingo testuinguruan. Herria nahi badugu, herria egiten duen prentsa behar dugu, eta herria egiten duen prentsak iraun behar badu, hedabide bakoitzetik harago eta hedabideen sektoretik gaindi gogoetatu behar dugu, aipatutako erronka horiei guztiei herri ikuspegitik eta herri gisa erantzuteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.