Pastor
DARWIN ETA GU

Hurbil, baina urrun

2022ko urriaren 01a
00:00
Entzun

Behinola ospitale publikoak ziren hainbat jatorri eta maila sozialetako jendea batzen zuten leku ia bakarrak. Bertan elkarrekin egon behar zuten gaixoek, gela batean. Haien etxekoak ere hortxe elkartzen ziren, senidearekin kontu-kontari. Edo ondoko ohean zetzan eriarekin.

 

70eko urteen bukaeran Gurutzetako ospitalera eraman zuten osaba. Han egon zen asteetan beste inon elkarrekin egongo ez ziren lagunak ikusi nituen. Osaba, Bilboko langile auzo batean bizi zena, Bizkaiko hiriburuaren erdialdeko gizonaren ondoan. Edo mapan kokatu ezinik ibiltzen nintzen herrietako gaixoekin. Ez dut ahaztuko 80 urte inguru izango zituen bermeotarra. Harekin izan nituen elkarrizketa laburrak. Orduan Bermeotik Barakaldora bidaltzen zituzten gaixo larri asko, bertan artatzeko. Erdaraz apenas zekien gizonak; euskaraz nekez ulertzen zion Ezkerraldeko euskaldun berri-berriak.

Gela horietan izaten zen jende pilaketa, nahasketa, elkarrizketa! Osasun zerbitzuak hobeak dira gaur: eskualdeetako erietxeak ditugu, etxetik hurbilago egoteko. Eta erosoago. Orduko saltsa hura galdu da, baina. Hain jende desberdina ez duzu berriro ere ospitale bateko gelan bilduko.

Hori guztia gogoratu dut Areetako eta Sestaoko geltokiak lotuko dituen tren proiektuaren berri izan ostean. Izan ere, metroak ez du itsasadarraren azpitik Ezkerraldea eta Eskuinaldea zuzenean lotzen duen tarterik. Lehen lineak eta bigarrenak bide komuna dute San Inazioraino. Hortik Barakaldora egiten du Ezkerraldekoak. Gurutzetara, hain zuzen. Geltoki horretatik irten eta eraikin itzela ikusiko duzu. Ospitalea. Bi aldeetako herritarrak batzen zituen ospitalea. Eta beste leku askotakoak ere bai.

Oraingo proiektuari buruzko zenbait erreakziok eman didate arreta. Albistea Bizkaiko egunkari baten orrian hedatu bezain laster hasi dira koplak. Irakurle batek bota du lehen harria. «Barakaldoko jendeaz beteko dira Eskuinaldeko hondartzak». Handik bost minutura irakurle baten erantzuna jaso du: «Halakoak gurasoak Barakaldokoak dituenak idazten ditu, beste inork ez».

Bilbo Handiko Ezkerraldea eta Eskuinaldea: bi gizarte diferente. Bereizketa azpiegituren zenbait arlotan ere izan dela esango nuke. Metroaren proiektua eztabaidatzen ari zenean, esaterako. Itsasadarreko bi aldeak batzeko asmorik ez zegoela ohartuta, kexatu egin zen Xabier Olaberri, EEko legebiltzarkidea zena. Eskuinaldeko hondartzetara joateko Barakaldo edo Sestaoko herritar batek Bilboraino bidaiatu behar ote zuen galdetu zuen.

Urteak igaro dira, baina zenbait pentsamoldek jendearen buruan segitzen dute. Errezeloak ez dira guztiz joan. Bizirik ditugu, modu lausoagoan bada ere. Egunkari horretan argitaratutako iruzkinak irakurri besterik ez dago. Bi aldeak elkarri begira bizi dira, baina elkarrekin gehiegi nahastu gabe. Oso hurbil, baina urrun. Ezkerraldeko langilearen paradisu lurtarra zen Getxo. Hara joatea igogailu sozialak ematen zuen saria zen. Haien seme-alaba edo biloba batzuek amets hura bete dute. Bizi kalitatea argudiatzen dute erabaki hori hartzeko. Bai, baina estatus kontua ere bada. Ez dut uste Getxon zein Portugaleten Bizkaiko Zubiaren aurre-aurreko etxebizitzetan bizi diren herritarrek arnasten duten airearen kalitatea oso desberdina izango denik. Alta, belarri batzuek hobeto entzungo dute Getxon bizi zarela, Portugaleten baino.

Hala ere, jatorria ez da hain erraz ezabatzen. Markatu egiten du, ezinbestean. Jendea sailkatzera eramaten gaitu. Luze ez dela, unibertsitateko irakasle bat harritu egin zen bertako bi garbitzailek —emakumezkoak, jakina— Getxokoak zirela esan ziotenean. Areago euskal sustraiak zituztela ikustean, ez zirela kanpotik etorritakoak. «Getxo? Ezkerraldekoak zinetela uste nuen», bota zuen. Eta lasai geratu zen gizona. Badakizu: Ezkerraldea, langile eta garbitzaileen bizilekua. Eskuinaldea, ez.

Osaba bisitatzera joan nintzen arratsalde batean beste gaixo bat aurkitu nuen ondoko ohean. Bermeoko gizona joana zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.