xabier martin

Iruñea eta Anduezaren «hitza»

2023ko abenduaren 30a
05:00
Entzun

PSOEk sekula eman gabeko pausoa eman du EH Bilduri gobernu garrantzitsu bat emanda baiezko botoarekin. Koalizio abertzalearen babesa jasotzea libre zuten sozialistek, baina norabide debekatua zen bestea, marra gorri handi batez itxitako bidea. Zeren eta PSOErentzat EH Bilduk ez du egin «behar bezainbesteko autokritika» iraganeko indarkeriari dagokionez; PSOEren kritika zehatzari helduz, «ETAren indarkeriari» dagokionez. Ferrazko alderdiak marraztutako marra gorri hori gainditu egin du, ordea, Iruñeko udal gobernura EH Bilduko alkate bat eraman duen itunak, eta orain arte igaroezina zen bidea igaro daitekeela erakutsi du Joseba Asironi aginte makila eman dion zentsura mozioak.

Gertaera horren oihartzuna Nafarroatik harago doa, eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ageriago utzi du asteotan Eneko Andueza PSEko lehendakarigaia ozen errepikatzen ari den hautu baten oinarria: «PSEk ez du EH Bilduko lehendakaririk bideratuko hauteskundeen ostean». PSOErentzat eta PSNrentzat Iruñean marra gorri izateari utzi dion horrek indarrean jarraitzen du Anduezarentzat, eta beto horren zergatiak azaltzea gero eta zailagoa zaio ezkerreko gobernuen aldekoa ei den lehendakarigaiari. Koalizio abertzalea «guztiz demokratikoa» dela ahoskatu zuen berriki, beste behin ere harekin akordiorik ez duela egingo esateko izan bazen ere, eta azken orduetan apustua igo du, bere «hitza» jokoan dagoela ziurtatuta.

Aitzitik, ahuldutako posizio politikoen estutasunak estutasun, kartak buruz gora jarri ditu PSEk: ez du inolako asmorik EH Bildurekin Eusko Jaurlaritza osatzeko, ezta hark hauteskundeak irabaziko balitu ere. Hautu horri «azkenera arte» eutsiko diola berretsi du Anduezak, birus baten aurkako txerto baten gisa edo. EAJ, aldiz, ez du ikusten azkenera arteko bidaide gisa «Lehendakaritza arriskuan» balego: «EH Bilduren besoetara» joango litzateke, haren ustez. «Euskal gizarteari hitza» eman dio, beraz, eta EAJri abisua.

Baina sendo dago EAJren eta PSEren aliantza, azken bi legealdietan ongi koipetua, eta udal eta foru hauteskundeen osteko akordioak erakusten du jeltzaleak prest daudela eskuzabalago jokatzeko sozialistekin, baldin eta horrek erakundeetan gobernatzen jarraitzea ahalbidetzen badie. EAJ aspaldian ikusten ari baita «ezkerreko ardatza aktibatzea» esaten zaion mamua hezur-haragi bilaka daitekeela inoiz, ezkerreko lehendakari, ahaldun nagusi eta alkateen bidez.

ENEKO ANDUEZA - MARIA TXIBITE
Eneko Andueza eta Maria Txibite, artxiboko argazki batean. M.A / FOKU

Deserosotasunaren ifrentzua

Eta Andueza bere alde jartzen ari da ahalezko beste aliantza baten mehatxu hori EAJrekin duen harremanaren orekan. Esaterako, jeltzaleak Madrilek bultzatutako fortuna handien zerga onartzera behartu ondoren, Hezkuntza Legean oinarrizko posizio izan dutena ere aldatzera behartu dituzte, hizkuntza ereduei dagokiena. EH Bildurekin bi urtez landutako negoziazioa bazterrean uztea onartu behar izan dute jeltzaleek bozen atarian, sozialistekin duten harremanari kalte ez egiteko.

Edonola ere, PSE ez da PSN, ez ditu Nafarroako jokaleku polarizatuan erabaki behar bere aliantzak. Jasotzailea ezkerreko alderdia ez den arren, badu nori eman lehendakaritza eskuin muturrari eman gabe eta EH Bilduri izkin eginda. Baina igaro gabeko bidea igaro du PSOEk, ezker independentistaren alkate bat egon dadin, non eta Iruñean.

Agerikoak dira gertaera hori Anduezari eragiten ari zaion kontraesanak. Gainera, kanpainaurre honetan, EAJtik aldentzeko PSEren saioa porrotera darama, Andueza bera behartu duenez begien bistakoa dena onartzera: EAJrekin ituna berritzea baizik ez dagoela haren bide orrian. Egoera deseroso horren ifrentzua da, ordea, jeltzaleekin negoziatzeko posizio sendoagoa izango duela PSEk bozen ondoren, ikusi baita posible dela Ferrazek orain arte debekaturik zuen alternatiba, Nafarroan bederen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.