Iñaki Martinez de Luna.
Udal eta foru hauteskundeak. Araba. BOZ GORA

Kanpainako piperminak

2015eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Botoa aurreikusteko inkestak kanpainetako piperminak dira; batzuentzat gustuko eta besteentzat atsekabe. Kanpaina hasi bezain pronto, zenbait inkesta paratu digute begi-bistan, eta, Araban, pipermin hori gehien ahogozatu dutenak jeltzaleak eta ezker abertzalekoak dira, irabazle suertatzeko aukera ematen dietelako. Atsekabea, aldiz, popularrentzat, egungo nagusitasuna galtzeko arriskua tarteko. Mende honetako hauteskunde mota berean EAJ (2003) eta PP (2007, 2011) boterean txandakatu dira Araban, eta, bestalde, EH Bildu ere lehen posturako lehiakor agertzea ez da hain harrigarria, iaz Europarako hauteskundeetan irabazle geratu zelako. Nolabaiteko aldaketa aurreikusten da, ez iraultza.

Ustezko emaitzak bezain zirraragarria da inkestek aurreikusten duten geroa. Izan ere, ondorengo akordioetan edo akordiorik ezean datza Foru Gobernurako giltza. Zerrenda bozkatuena errespetatzea izango da galtzaileen apustua? Bestela, nolako aukerak dituzte EAJk, EHBk edo PPk Araba gobernatzeko?

Jeltzaleak garaile irtenez gero, litekeena da sozialisten laguntza —pasiboa, bada ere— eskuratu eta udazkeneko hauteskunde orokorretan mesede bera Madrilen EAJk itzultzea. Halakorik ezean, EHBk zirt edo zart egin beharko luke: naziotasunean bidaide eta arerio zuzena den EAJ hauspotu ala PPren espainiartasunari bidea garbi utzi.

Podemosek ezker abertzalearen aukera susper lezake. Baina balizko hautu hori espainiartasunari egindako traiziotzat hartuko litzateke Espainian. Ataka horretan jarrita, agintaritza zentralaren eta bertako oinarri sozialaren arteko leize sakona ireki liteke Podemosen. Jeltzaleen laguntza —pasiboa barne— ez da baztertu behar, eta hori Arabako abertzaletasunean aro berri baterako mugarri izan liteke.

Popularren kasuan, Ciudadanos-ek eskua luzatzea litzateke aukerarik garbiena, batez ere eserlekuren bat lortuz gero (inkestaren arabera, bai). Paradoxa: popularrei boto gehien ken diezaiekeena, paktuetan lagungarri suertatzea.

Gasteizen, bestalde, inkestek PP jo dute garaile, Marotoren bete-beteko eta etikaz kanpoko estrategiari esker. Horrek eragin lezake Arabako datuetan ere, Biltzar Nagusietarako zer egin zalantzan daudenek alkatetzarako argi duten hautagaiaren kolore bera bozkatuz.

Dena den, erreflexibitatea tarteko, inkesten emaitzek hautesleengan eragiten dute, eta 24ko botoa oso bestelakoa suerta liteke. Izan ere, inkestak ezinbesteko osagai bihurtu dira kanpainetan, zer gerta litekeen aurreikusteko bezain erabilgarri baitira emaitzetan eragiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.