Pertsonaia. Lucio Hernando

Miramonetik Pasaiara

mikel lizarralde
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Enpresari lotua baina sindikalgintzarekin ere harremana izandakoa. Horra hor Lucio Hernando Albistegik (Donostia, 1952) bere baitan biltzen dituen ezaugarrietako bi. Bihartik aurrera Miguel Buenek Pasaiako Portu Agintaritzako presidentetzan utziko duen kargua hartuko du bere gain Hernandok. 2009ko irailetik hona Miramongo Teknologia Parkea zuzendu du.

Eusko Jaurlaritzak atzo onartu zuen ofizialki Buenen borondatezko kargu uztea, eta Hernandoren izena proposatu zuen kargurako. Erabakia Espainiako Gobernuak berretsi beharko du, portu agintaritza Sustapen Ministerioaren menpeko erakunde publiko batena baita.

Enpresaren kudeaketan ibilbide luzea egindako pertsona da Lucio Hernando. Donostian jaioa bada ere, Eibarren (Gipuzkoa) hazi zen, eta Bilbon ikasi zuen, Ingeniaritza Eskolan. Ingeniari ez ezik, goi teknikaria da nazioarteko merkataritzan eta laneko arriskuen prebentzioan.

Ibilbide profesionala Donostiako Cebank ikerketa zentroan hasi zuen, eta gero Uvesco taldeko Bizkaiko giza baliabideen arduradun izendatu zuten. Uvescok BM kateko merkataritza guneak kudeatzen ditu, eta han lan egin zuen garaian 340 langileko talde batekin aritu zen Hernando.

Lanbide Berrien Euskal Institutuko zuzendari izendatu zuten, eta 2004an CC.OO sindikatuan hasi zen lanean, hezkuntza arloan. Era berean, urte luzez Ascodel Fundazioarekin aritu da. Ascodel irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta 40 urtetik gorako pertsonei lana bilatzen laguntzen die.

2009ko irailean Joaquin Telleria ordezkatu zuen Miramongo Teknologia Parkearen gidaritzan. Hain zuzen ere, parkea Pasaiako kaira zabaltzeko proiektua aurrera eramateko hitzarmena aurkeztu zuten iaz.

Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaiako kanpoko kaiaren eraikuntzasustatzeko konpromisoa hartu berritan izendatu dute Hernando Pasaiako Portu Agintzaritzako presidente.Hain zuzen ere, hilaren 5ean sinatu zuten hiru erakundeek eta portu agintaritzak Pasaiako badia biziberritzeko protokoloa. Sinatzaileek orduan adierazi zuten Pasaiako kai berriaren eraikuntza «estrategikoa» dela, eta badiaren biziberritzea lortzeko «ezinbesteko» ikusten dutela egungo kaiaren jarduera kanpora eramatea.

Portu agintaritzak iaz egindako ingurumen iraunkortasunerako txostenari milatik gora alegazio jarri zizkioten. Jaizkibel Bizirik-ek, berriz, 8.000sinadura baino gehiago aurkeztu ditu kanpoko kaiaren proiektuaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.