Bruselako Adierazpenaren sinatzaileek -tartean daude zenbait gobernuburu ohi eta zenbait Bakearen Nobel saridun- ETAren azken agiria aztertu ondoren erantzun bat emateko konpromisoa hartu duten egunean, Eusko Legebiltzarrean albokoa izan da gatazkaren konponbidearen inguruko eztabaida. Patxi Lopez lehendakariak jarraitzen du ukatzen etapa berri bat ireki dela Euskal Herrian. ETAren adierazpenetan «funtsezko ezer» ez dagoela argudiatuta, ez mugitzearen estrategia hobetsi du: «Zergatik mugitu beharra daukagu beti guk?». Ezker Batuak, EAk eta Aralarrek mugitu beharra aipatu diote. Oztopoak jarri beharrean, konponbidean laguntzeko eskatu diote. Basagoitik ere: «Mugitu beharra dago».Bestelako norabide batean, jakina. Alde batera edo bestera, azken hilabeteetako mugimenduen norabidea ikusita, gakoa mugitu edo ez mugitu dileman dago. Eusko Jaurlaritzak eta PSE-EEk zain egotea aukeratu dute. EAJk, ordea, ez du argitu bere hautua. Harrigarria bada ere, EAJko bozeramaileak ez du aipatu gaia, ez ETAren agiriak, ez ezker abertzalearen jarrerak. Isiltasun hori Madrilgo hitzarmenarekin lotuta ote dago?
Enplegu politiken inguruko akordioaz pozten dela sinestarazi nahi izan du Patxi Lopezek. Baina argi gelditu da Zapatero eta EAJren arteko itunak jokoz kanpo utzi duela, Espainiako Gobernuaren satelite bat baino ez dela. Argitzeke dagoena da Zapatero eta Urkulluren arteko itunaren itzalean etapa berrirako bide-orririk ere adostu ote duten.
EUSKO LEGEBILTZARREKO POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDA. ANALISIA
Mugitu edo ez mugitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu