CSNk ontzat jo ditu Garoñako zentral nuklearra berriz zabaltzeko Nuclenorren neurriak. Ez da ezustekorik egon. Ez zen ezustekorik espero. Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren lana ezbaian dago aspaldi. Ezbaian, ez soilik elkarte ekologisten eta energia nuklearraren aurka dauden alderdien kritikengatik. CSNk berak zeresan handia du erakunde tekniko bati suposatzen zaion ospe ona zikintzeko prozesuan.
Teknikari nuklearrek hilabeteak daramatzate CSNren osoko bilkuraren jarrera salatzen. Zerrenda luzea da: presio politikoak, independentzia falta, segurtasun nuklearra arriskuan jartzen dituzten erabakiak, «sorgin ehiza» kritikoak izan direnen aurka... Kezkagarriak dira salaketa horiek, gutxienez, azpiegitura nuklearren segurtasuna bermatu behar duen erakundeaz ari garela kontuan hartuta.
CSNren erabaki organo gorenaren gaineko esku hartze politikoa publikoa da. Alderdi politikoek aukeratzen dituzte osoko bilkurako kideak; gaur egun PPk aukeratutako hiru kide daude, eta bi PSOErenak. Ordea, kide horietako batzuek uste dute CSN, teknikoa beharrean, politikoa dela. Antoni Gurgui CSNko kontseilari ohiak hala esan zuen: «Soilik bost pertsonak izan behar dute independente eta gardenak; gainontzekoak estruktura hierarkikoaren menpe daude». Hots, alderdiek aukeratutako horiek dira independenteak, eta besteek kasu egin behar diete.
Testuinguru horretan erabaki du CSNk Garoña 2031. urtera arte irekita manten daitekeela. Baina klausula bat gehitu du. Behin betiko testua «2016ko bigarren erdian» aurkeztuko du. Epe hori modu askotan uler daiteke. Lehenik eta behin, CSNk halako txosten bat egiteko behar duen denbora dela uler daiteke; 2009an antzeko txostena prestatu behar izan zuenean, hilabete askoren buruan, epea amaitu aurreko hilabetean sinatu zuen.
Bigarrenik, presioa desbideratzeko neurria dela uler daiteke; haien burua zuritzeko ahalegin gisa, presioa pasatuz azken erabakia hartu beharko dutenei. Presioa ez da txikia. Munduko zentral nuklear zaharrenak —Beznau I (Suitza)— 46 urte ditu; Garoñak 60 urte bete arte irekitzea da mahai gainean dagoena.
Hirugarrenik, ardura neurritzat har daiteke. Horren erabaki polemikoa jarduneko gobernu baten esku utzi beharrean, helduko den gobernu berriaren esku utziko luke. Hain zuzen ere, CSNk abendura arte atzeratu dezake txostenaren aurkezpena.
Garoñaren historian agerian geratu da epeak luzatzea, erabakiak atzeratzea, Nuclenorren aldekoa izan dela. Egungo egoera oso bestelakoa litzateke 2009an Miguel Sebastianek —PSOEren gobernuko Industria ministroak— zentrala ixtea erabaki izan balu. Ez zuen egin, ordea. Itxi beharrean lau urte gehiago eman zizkion, eta PPri lana erraztu. Are gehiago, PPk zentralaren ustiapen baimena 2019ra arte luzatzeko ekinbidea hasi zuenean, Miguel Sebastianek «zentzuzkotzat» jo zuen.
Miguel Sebastian Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren aholkulari lanetan ibili zen hauteskundeen aurretik. Sanchezek Garoña itxiko duela nabarmendu zuen, Zapaterok 2008an egin zuen bezala. Horren aurrean, CSNren epeak luzatzeko asmoaren baliagarritasuna kolokan geratzen da. Badirudi otsoa artaldea zaintzen ari dela.

ANALISIA
Otsoak artaldea zaintzen badu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu