Azpeitian hilda agertu zen Amaia Azkueren kasuan ikerketak espero gabeko ezusterik ematen ez badu behintzat, Yanela Zaruma gazte burlatarra da genero indarkeriak aurten gurean utzitako lehen hildakoa. Haren bikotekide ohia atxilotu dute, egiaztatu gabeko hainbat iturriren arabera.
Kasu hauetan ohi den bezala, erakundeak salaketa eta protesta agerraldien eszenaratzean murgilduta daude. Hedabideak, berriz, titulu lodiak eta lerrokada luzeak ematen ari dira krimen lazgarriaren nondik norakoei buruz, informazioa, familiaren mina eta herritarren ezinegona anabasan nahastuz. Eta, berriro ere, zail egiten da jazoera bakoitzaren oinarrian dagoen benetako arazoa aurkitzea. Lastoa eta alea bereiztea. Izan ere, benetako drama hau da: eredu patriarkalak emakumeei ezarritako menpeko rola iraunarazten dugun bitartean, estatistika hotzek gizentzen jarraituko dute.
22 urte zituen Zarumak. Eta datu horrek erakusten du esku artean gizarteak duen arazoak luzaro irauteko traza handia duela. Eskoletan eta gazteen artean indarrean daude gizarte matxista patriarkalaren balioak: gizonak nagusikerian eta indarraren erabileran bilatzen du arrakasta soziala; emakumeak, gizonaren menpeko eta osagarri izatean. Eta rol banaketa horrek elikatzen ditu tratu txarrak eta indarkeria.
Ardura kolektiboa izanik ere, bi hitz merezi dituzte krimen honekin orain asaldatuta eta espantuka ageri diren agintariek. Haiek baitira, berriki, Nafarroako Gobernuaren matrikulazio kanpainan, neskatoak printzesa izatearen ametsarekin lotu zituztenak. Mutilak astronauta, mediku eta sukaldari izatearekin lotu zituzten berberak.
Hain zuzen ere, gizona independente eta emakumea menpeko izatearekin lotu zuten iragarki instituzional horretan, nahita edo nahi gabe. Eta logika gaizto hori irudi atsegin eta ustez kalterik gabekoaz jantzi zuten; alegia, adostasun soziala bermatua izatearen ziurtasunak ematen duen lasaitasun arduragabe horrekin. Bada, hain zuzen ere, gizarteak barneratuta dauzkan balio horiei jarraiki egiten diete eraso gizonek emakumeei tamalez, hiltzeraino. Alferrik da gero eskuak garbitzea. Menpeko-menperatu eredu hori puskatzen ez den bitartean, «zenbat printzesa» gehiago ez ote dira «printze urdinaren» atzaparretan galduko?
Emakumeen aurkako indarkeria. Analisia
'Printzesaren' amets galdua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu