«Iratxe Sorzabali, atxiloaldian, tratu gizagabea eman zitzaion, bere oinarrizko eskubideak urratuz». Espainiako Auzitegi Nazionalak bere ebazpenean hala jaso du hitzez hitz, eta ez dira edonolako hitzak, lehen aldia baita instituzio hura hain argi mintzo dena inkomunikazio aldian pairatutako torturez. Zehaztasun horrek eraginik izango ote duen Sorzabalen beraren edo torturak pairatutako beste euskal herritar ugariren auzibideetan, hori ezin da esan, baina agerikoa da iraganaz egin diren zenbait kontakizunetan zirrikitu bat irekitzeko balio dezakeela, urteetan eta urteetan ezkutuan eduki nahi izan duten zerbait azaleratzeko.
Fernando Andreu buru duen salaren ebazpenak ez du zalantzarako tarterik uzten: Sorzabali, besteak beste, elektrodoak jarri zizkioten deklaratzera behartzeko. Beraz, orduan esanak ezin dira inolaz ere froga gisa onartu. Kontuan izan behar da, baina, ez dela deklarazio hura Sorzabalen kontra erabiltzen den lehen aldia, eta 24 urteko espetxe zigorra betetzen ari dela hartan oinarritutako ebazpen baten ondorioz. Orduan, ez Auzitegi Nazionalak, ez Gorenak, ezta Konstituzionalak ere, ez zituzten kontuan izan tortura salaketak.
Auzi hark Europan izango du azken geralekua, eta ikusteko dago atzokoak eraginik izango ote duen, baina torturen inguruan auzitegiek —eta beste zenbait eragilek— izan duten jarreraren adibide esanguratsu bat da. Tortura salaketak ez dira galga izan autoinkulpazioetan oinarritutako espetxe zigorrak ezartzeko, ezta torturaren ebidentziak argiak izan direnean ere. Kontrara, errealitate horren negazionismoa nagusitu da; Estrasburgoko auzitegiak hamaika aldiz zigortu du Espainia torturak ez ikertzeagatik.
Horiek horrela, ukazio horri aurre egin izana da atzoko ebazpenaren muinetako bat, eta ikusteko dago ea mugarria ezarriko ote duen. Izan ere, azken urteetan urrats nabarmenak egin dira torturen errealitatea argitara ateratzen laguntzeko: Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako txostenetan 5.394 tortura kasu daude jasota, eta 122 lagunek aitortza ofiziala jaso dute Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren partetik. Baina Madrildik ez da antzeko ezer iritsi.
Erantzun eskea, ordea, nabariagoa da. Bere sorrera batzarrean, Euskal Herriko Torturatuen Sareak aitortza eta erantzukizun publikoa eskatu zituen. «Euskal Herrian tortura modu sistematikoan aplikatu baita», esan zuten. Bide hori urratzen segitzeko mugarria izan daiteke Sorzabalen auzia. Ea ebazpenak irekitako zirrikitu hori handitzeko modurik baden.