Espainiako itsasoz haraindiko lurretan ikusi nuen kartela, Afrikan. Las Palmas hiriko Castillejos kaleko denda batean zegoen, erakusleihoan: Se dan clases de costura para niñas. Harritu nintzen, harritu, iragarkia ez baitzen berdintasunaren eredutzat jo daitezkeen horietakoa. Iraganaren ispiluan islatzen zituen oraingo umeak, etorkizuneko emakumeak: etxean andre eta jabe, familiaren zutabe. Josi, garbitu eta sukaldean aritu. Eta umeez erditu.
Emakumeak gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari dira gizartean, baina bide luzea dago oraindik egiteko. Haiek emandako pausoen berri ematen dute hedabideek: Saioa gaztea errugbian ari da; Eneritz harri-jasotzailea dugu; Nereak nota onenak atera ditu matematiketan, eta astronauta izan nahi du. Bada beste errealitate paralelo bat, gutxiagotan azaltzen dena: ohiko genero rolen ikaste ia automatikoa, umetatik. Zer arrazoi dago Euskal Herriko ikastetxe bateko patioan 4-5 urteko mutikotxoek neska txikiei futbolean egiten ez uzteko, «gizonezkoen gauza» delako? Ez da asmatua, 2017ko martxoan gertatua baizik. Noren, zeren eraginez barneratu dute lau urteko ume pitilindunek futbola gizon zakildunen kontua dela?
Egun gero eta emakume gehiago ikusten ditugu ustez soilik gizonezkoenak ziren roletan. Berdintasunaren aldeko irudi horiek daude hedabideetan. Erreportajerik ez, mutikoak ustez soilik emakumezkoenak diren zereginetan agertzen direnik. Hamar urteko neska bat futbolean ateratzen dugu. Zergatik ez da pantailan agertzen adin horretako mutil bat josten ikasten, edo harrikoa egiten laguntzen? Irudipena daukat halako kasuak ez direla hain erraz aurkituko. Egongo dira, egon, baina ez uste bezainbeste. Lau urteko mutikoek uste badute futbola gizonezkoen kirola dela, zer ez dute pentsatuko, hamabiurterekin, etxea txukuntzeari buruz?
Berdintasuna ez da lortuko soilik emakumezkoak gizonezkoen esparru tradizionalean sartuz. Hori bezain garrantzitsua da mutikoak emakumezkoen bizkar utzi diren zereginetan murgiltzea. Ondo dago neska txikiak errugbian aritzea, emakumeak suhiltzaileak izatea. Mutilek etxeko lanak egiten ikastea, adinaren araberako prozesuan, hori ikusaraztea ere berdintasuna da. Lan latzak dira, baina gizona egiten hasten ez bada, nork egingo dituen asmatzea ez da zaila: futbolean egin edo erreskate lanetan ari den emakumeak. Botoiak josten eta alkandorak lisatzen dakien neskak. Etxeko lanak ez dira gozagarriak. Inoiz ez dira izan. Akaso uste dugu emakumezkoek orgasmo bat izaten dutela Pato WC jaun seduzitzaileak komunean txorro potente bat isurtzen duen bakoitzean?
Ongi da alaba haur-kotxean ateratzea. Txalogarria semeari kafetegian fardela aldatzea, planta hutsa ez bada eta etxe barruko lanetan ere berdin jokatzen badugu. Alta, inkestek esaten dutenez, ez da horrela izaten. Bai, komenigarria izango litzateke emakume guztiek argia, iturria eta halakoak konpontzen jakitea—tira, gizon guztiok ez dakigu—, baina ez dezagun tranparik egin: armairuko atea eta egongelako leihoa ez dira egunero apurtzen; etxeko komuna, aldiz, egunero zikintzen da.
Zeinen polita den maitasuna! Zeinen beroa! Erraza dugu gizonok. Andreari «zuretzat ilargia lapurtuko nuke gauero» xuxurlatu, eta zorte apur batekin... etxeko lanetatik askatu. Goizero komuna garbitzeko promesa egitea ere maitasun deklarazioa da, baina harrika hasiko ginateke Ken Zazpiren kontra, halakorik kantatuko balu. Eta harriak ez lirateke soilik gizonezkoen eskuetatik aterako, kontuz! Aukera begi bistakoa da: ilargia lapurtzeko amets egin ezina agintzen duen mozoloa, ez komuna garbituko duen txotxoloa. Zeinen gozoa den maitasuna! Zeinen eroa!
Castillejos kalea zeharkatu nuen hurrengo aldian aldatuta zegoen dendako kartela: Se dan clases de costura para niñas y niños. Beharrezkoa zen zuzenketa. Maitasunak eta berdintasunak elkarrekin beharko lukete. Laztanak elkarrekin amestu, izarak elkarrekin tolestu. Alegia, ilargi gutxiago lapurtu eta bainugelan gehiago makurtu.
DARWIN ETA GU
Zuretzat bainugela garbituko nuke goizero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu