Preserbagailuaren ingurukoak larriak dira, auzi honetan, bestetan ez bezala, bizitza bera delako arriskuan dagoena, eta ez eskubideak, oinarrizkoenak izanagatik ere. Egia da kondoiak ez duela segurtasun erabatekoa, ehuneko ehunekoa, ematen. Baina egia da, era berean, kondoia dela gaur egun birusaren hedadura mugatzeko bitarteko bakarra eta eraginkorra. Eta gaitzak jota horrenbeste lagun edo adiskide galdu dituztenen lekukotasuna da horren erakusgarri: arazoaren larriaz ohartuta, sexu segurua egiteko joera hartu zenean nabarmen gutxitu ziren kutsaketak eta, aitzitik, gaitza kontrolpean zegoelakoan kondoia erabiltzeari utzi zaionean, piztu da berriro gaixotasunaren alarma gorria.
Terrorismo berba aipatu dute gay mugimenduko ordezkariek elizaren jarrera salatzeko. Nik genozidio hitza nahiago dut: iaz egunero-egunero 13.000 lagun kutsatu ziren birusarekin. Guztira ia bost milioi gizon eta emakume. Eta ia hiru milioi hil ziren 2003an hiesak eragindako gaitzaren batek jota. Hildako larregi dira horiek, batez ere kontutan izanik gehienak Afrikan, Hego Ameriketan eta Asian izan zirela.Eliza katolikoari kontuak eskatu behar zaizkio. Hile gutxi dira elizako buruek Inkisizio garaiko gehiegikeriengatik barkamena eske ikusi ditugula. Iraganeko mamuei barkatzeko eskatu diete. Baina egun, arlo askotan, iraganari lotuta segitzen dute:iraganeko ikuspegiz begiratzen diete oraingo arazoei. Jokaera horren adibide asko ditugu. Hiesaren aurkako ahaleginetan dabiltzanez esandakoak izan dira azkenak, baina eskoletako eragileak izan ziren lehenago, edo euren sexu berekoak maite dituztenak, edo gizonezkoen jazarpen larriak sufritu duten emakumeak...Bada garaia horrenbesteko itsukeria, fanatismoa eta integrismoa indargabetzen hasteko. Beranduegi baino lehen, gainera. Horretan denok daukagu geure ardura, eta ardura hori zinezko konpromisoa izan behar da. Gabriel Aresti zenak ondo idatzita utzi zuen bezala: «Zin egin behar dugu zintzoki, / bakoitzak duenagatik; / sinestedunek dudarik gabe / bere Jaungoikoagatik, / eta sineste gabeek berriz / bere ohoreagatik».
ANALISIA. Integrismorako preserbatiboak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu