Anbulantzia medikalizatuetako langileen lan egoera argitu gabe, publiko bihurtu dira gaur Tolosako eta Elgoibarko zerbitzuak

ELA sindikatuak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 36 langileak subrogatuko dituela esan duen arren, zalantza handiak dituzte oraindik ere langile horien etorkizunari buruz.

Elgoibarko anbulantzietako langileek bart egindako elkarretaratzea. BERRIA
Elgoibarko anbulantzietako langileek bart egindako elkarretaratzea. BERRIA
kristina martin
2026ko urtarrilaren 7a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak gaur bereganatu du Elgoibarko eta Tolosako (Gipuzkoa) anbulantzia medikalizatuen zerbitzuen kudeaketa. Kontratatutako zerbitzua izan da orain arte, Gipuzkoako Anbulantziak enpresaren esku egon baita azken urteetan, baina gaurtik aurrera Osakidetzak kudeatuko du zuzenean.

Nolanahi ere, zerbitzua ematen duten langileen lan egoeraren inguruan badaude argitu gabeko zenbait kontu. ELA sindikatuak salatu duenez, Osasun Sailak langileak subrogatuko dituela esan duen arren, proposamenean zehaztu gabe dago langileen kontratuak mugagabeak edo aldi baterakoak izango diren. Tolosako anbulantzian lanean ari den Hur Lertxundi medikuak BERRIAri esan dioenez, Gipuzkoako Anbulantziekin zuten kontratua amaitu dute, eta gaur hasi dira Osakidetzarentzat lanean behin-behinean, etorkizunean haien lanpostuekin zer gertatuko den ez dakitela. 

ELA sindikatuak salatu du prozesu horretan Osasun Saila gardentasunik gabe aritu dela. ZIU unitate mugikor horien zerbitzua jadanik Osakidetzaren esku badago ere, sindikatuek ohartarazi dutenez, langileekin ez dute negoziatu. Guztira 36 langileri eragiten die publifikazioak: medikuak, erizainak eta osasun garraioko teknikariak dira orain arte Gipuzkoako Anbulantziak enpresa pribatuan zerbitzu hori eman dutenak. 

Langileen artean oso giro nahasia dagoela adierazi du Lertxundik. «Enpresak gutun bat bidali zigun abenduaren 22an, esanez urtarrilaren 7an kontratua bukatuko zitzaigula eta Osakidetzak eskuratuko zuela zerbitzua». Langileek ziurgabetasunez igaro dituzte Gabonak, eta hala daude oraindik ere. Ez dute inolako argibiderik jaso pasa diren bi asteetan, baina, kontatu dutenez, proposamen bat iritsi zitzaien duela bi egun: «Osasun Sailak banakako proposamen bat bidali zigun postaz». Hala ere, argi gutxi ekarri die: zalantzak dira nagusi oraindik ere langileen artean.

Hur Lertxundik azaldu duenez, hiru langile multzo daude zerbitzu horietan, kontratu mota desberdinekin. «Osakidetzak ez digu informaziorik eman. Ez digu zehaztu bakoitzaren egoera zein den eta zein aukera ditugun. Sindikatuen ateak jo ditugu, eta abokatu bat kontratatu». Hain zuzen ere, abokatua eta sindikatuak ari dira orain lasterka Osakidetzarekin bilerak egiten, zehaztu gabeko lan baldintza horiek nolakoak izango diren lotu nahian. «Hilaren 12ra arteko epea jarri dute orain egoera argitzeko, eta ordura arte linbo batean gaude», kexu da Lertxundi. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan publikoa da anbulantzia medikalizatuen zerbitzu ia osoa. Tolosako, Elgoibarko eta Donostiako zerbitzuak ziren salbuespena. Osakidetzak gaur bereganatu ditu Tolosakoa eta Elgoibarkoa, eta, Osasun Sailak iragarri duenez, Donostiakoaren kudeaketa ere udan bereganatzeko asmoa du.

Osasun Sailak esan zuenez, profesionalek Osakidetzako langileen lan baldintza berak izango dituzte, lanpostuak LEP baten bidez betetzen diren arte. Horrek zenbait zalantza sortu dizkie langileei, batzuk lanik gabe geratzeko arriskua ikusten baitute. «Ziurgabetasun» hori ikusita, «egoera berehala konpontzeko» eskatzeko elkarretaratzeak egin dituzte bart 23:00 eta 00:30 bitartean, Tolosako eta Elgoibarko baseetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.