Osakidetzak subrogatzeko eskaintza bat egin die Gipuzkoako Anbulantzietako langileei

Elgoibarko eta Tolosako anbulantzietako langileek osasun sistema publikoan jarraitu ahalko dute lanean, lan eskaintza publikoa egin bitartean. Publifikazio prozesu «garden bat» eskatu du ELAk, eta langileak subrogatu behar dituztela ohartarazi.

ELA sindikatuak subrogazio prozesuan «garden» jokatzeko eskatu zuen joan den abenduan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ELA sindikatuak subrogazio prozesu «garden bat» eskatu zuen atzo goizean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Urrestarazu - Iñaut Matauko - Mikel P. Ansa
2025eko abenduaren 30a
21:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtarrilaren 7an Elgoibarko eta Tolosako (Gipuzkoa) anbulantzia medikalizatuen zerbitzuak publiko bihurtuko dituela berretsi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta jakinarazi du eskaintza bat egin diela orain zerbitzu hori ematen duten langileei, dagozkien lanpostuak subrogatu daitezen, eta lanean jarraitu dezaten zerbitzu publiko horretan. Osasun Sailak nabarmendu du, gainera, «2026an» Donostiako zerbitzua ere publiko bihurtuko duela —egunik zehaztu ez badu ere oraingoz— eta, hartara, «anbulantzia medikalizatuen zerbitzu osoa» Osakidetzak emango duela eta publikoa izango dela.

Gaur goizean, ELA sindikatuak prentsaurreko bat eman du, salatzeko osasun zerbitzu publikoak ez diela lan bermerik eman langileei, eta ohartarazteko langileak subrogatu egin behar direla. Horrez gain, eskatu du indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa osorik betetzeko eta publifikazio prozesu «garden eta negoziatua» egiteko.

Jaurlaritzako Osasun Sailak, baina, arratsaldean jakinarazi du bilera bat egin duela Osakidetzarekin, Gipuzkoako Anbulantziak enpresarekin —hark ematen du orain Elgoibarko eta Tolosako zerbitzua— eta langileekin. Eskaintza bat egin du bilera horretan: hala nahi duten langileek zerbitzu publikoan subrogatuta jarraitu ahalko dute lanean, osasun sistema publikoko baldintzetan. Eta hala jardungo dute, lanpostu horiek betetzeko lan eskaintza publikoa egiten den artean.

Subrogatzeko aukerari ezetz esaten dioten langileei, berriz, beste leku batean lanean aritzeko modua emango die Gipuzkoako Anbulantziak enpresak, Osasun Sailak adierazi duenez. Gaur egun, 36 langilek osatzen dute Elgoibarko eta Tolosako zerbitzua; medikuak, erizainak eta osasun garraioko teknikariak daude tartean.

Olatz Zarate Gipuzkoako Anbulantzietako langileak gaur goizeko prentsaurrekoan azaldu du ELA sindikatuak hilabeteak eman dituela «informazioa, elkarrizketak eta gardentasuna eskatzen, baina Osakidetzak «isiltasunari» eutsi diola, eta ez duela «garden» jokatu: «Erabakiak alde bakarrez hartu dira, eta Gabonak baliatu dira prozesua azkartzeko eta erantzun sindikala eta soziala zailtzeko».

Zaratek esplikatu du abenduaren 17an Osakidetzako Mahai Sektoriala bildu zela, eta han ez zutela «inolako azalpenik» eman ez publifikazio prozesu horri buruz eta ez «bertako langileen etorkizunari buruz». Grebara jotzeko prest agertu dira agerraldi horretan.

Beste auzi batzuk ere ekarri dituzte gogora anbulantzia horietako langileek: «Onkologikoaren kudeaketa aldaketa izan zenean, langileak subrogatu egin ziren, borondate politikoa baldin badago lan bermeak errespetatu egiten dira eta». Hari horri tiraka, Tolosako Asuncion klinikaren kasua ekarri dute gogora, zerbitzu hori ere publifikatzeko eskatu baitiote Osasun Sailari, «langileak subrogatuta eta berme guztiak emanda».

Orain, argitzeko dago langileek eta sindikatuek zer erantzungo dioten Eusko Jaurlaritzaren eskaintzari. Halere, Osasun Sailak nabarmendu du «osasun itunean hartutako konpromisoa» berretsi dutela Gipuzkoako anbulantzia medikalizatuak publifikatuta. Osasun zerbitzuen pribatizazioa handitu ez, baizik eta horri dagokion portzentajea «murrizten» ari direla ziurtatu du gaur zabaldutako oharrean. «Neurri hori Eusko Jaurlaritzak osasun sistema publikoa indartzeko egin duen apustuaren parte da».


Hur Lertxundi: «Hitzarmenean jasota dago eskubidea dugula subrogatuak izateko»

Elgoibarren eta Tolosan Gipuzkoako Anbulantziak enpresarentzat lanean ari diren 36 langileak kezkatuta daude oso. Hur Lertxundi medikua da, Tolosako anbulantzian aritzen da, eta, azaldu duenez, lankide batzuek hogei urte daramatzate han lanean, eta azkeneko asteetan beldurrez dabiltza, lanik gabe geldituko ote diren ezer aldatzen ez bada.

Noiz jakin zenuten publifikazioaren kontua?

Beti egon da mahaiaren gainean. Gipuzkoan bost anbulantzia medikalizatu daude, eta haietatik hiru sare publikoan daude, eta beste bi, Tolosakoa eta Elgoibarkoa, itunpekoak dira. Gipuzkoako Anbulantziak enpresako anbulantziak dira, baina Osakidetzarentzat bakarrik lan egiten dute. Publifikatzeko gogo hori beti izan du Osakidetzak, baina badakigu gauzak nola izaten diren politikan: entzuten genuen horren berri, baina ez zen inoiz gauzatzen, Tolosako Asuncion klinikarekin gertatzen den moduan.

Zein izan da azken nobedadea?

Iaz aipatu ziguten 2026ko urtarrilean zerbitzua publifikatzeko asmoa zutela. Osasun sailburua aldatu zen, eta, halako aldaketak daudenean, horrelako albisteak entzuten dira. Urte osoan zain egon gara, ea zer mugitzen zen; enpresak ere beti esaten zigun ez zegoela inongo mugimendurik. Horrela egon gara abendua iritsi den arte, eta hilaren erdialdean esan ziguten Osakidetzak bere gain hartuko zituela bi anbulantzia horiek urtarrilaren 6tik aurrera, langileen inongo subrogaziorik gabe.

Baina bi anbulantzia horietan 36 bat langile gaude, medikuak, erizainak eta teknikariak kontuan hartuta, eta Gipuzkoako Anbulantziekin hitzarmen bat sinatua dugu: hartan esaten den gure zerbitzua beste enpresa batek beretzen badu subrogatuak izateko eskubidea dugula. Hori dena jasota dago, baina ez digute informazio askorik eman, ez Osakidetzak, ez enpresak.

Uste duzu arazoak sortuko direla?

Larrialdietako anbulantzia publikoetan, postu batzuk langilerik gabe gelditzen dira egun askotan, eta orain beste bi anbulantzia beretu behar dituzte, zerbitzu hori ematen duten langilerik gabe, gainera. Ez dakigu nola beteko duten hori. Guk badakigu zer-nolakoa den eguneroko egoera. Jendea ez da konturatzen askotan, adibidez, anbulantzietan edo etengabeko arretako guneetan medikuak falta direla.

Zer aurreikuspen duzue datozen asteetarako?

Baliteke enpresa honetan soilik lan egiten dutenak kalean geratzea, enpresak beste postu bat eskaintzen ez badie behintzat. Osakidetzan gauden besteok hara joan beharko dugu, baina ez dakit anbulantziako leku horiek nola beteko dituzten; esan bezala, lehendik nahikoa arazo izaten baitira larrialdi zerbitzuetan.

Auzitara jo dezakezue? Bide judiziala abiatuko duzue?

Lanik gabe geratzen bagara, uste dugu hori kaleratze bidegabea izango dela, gure hitzarmenean garbi esaten baita subrogatzeko eskubidea dugula. Eta hori onartzen ez badute, auzitara jo beharko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.