Indarkeria matxista. Norma Vazquez. Psikologoa eta psikoterapeuta

«Andre askok sinesten dute indarkeria soilik beren kontrakoa izango dela»

MARISOL RAMIREZ / ARP.
Jone Amonarriz.
2016ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Indarkeria matxista jasan duenaren seme-alabei nola azaldu aitak ama jotzen duela. Hori du ikertua Norma Vazquez psikologo eta psikoterapeutak (Mexiko, 1960). Sortzen elkarteko kidea da, eta ondo ezagutzen du indarkeria eta haurrak lotzen dituen afera.

Ustez, gizon batek bikotekidea jo du, eta haren alaba leihotik bota du. Ez da lehen aldia halakorik pasatzen dena. Zergatik dira haurrak mendekurako tresna erasotzaileentzat?

Emakumearen aurkako indarkeriaren eskalan, ama baten faktorerik garrantzitsuena direlako. Min egiteko elementu gisa erabiltzen dituzte seme-alabak; andreen aurkako indarkeria areagotzeko, eta erakusteko edozertarako gai direla. Azken finean, haiek dute kontrola.

Nola eragiten dio halako eraso batek emakumeari?

Nabarmen eragiten dio; bereziki,bere ama paperean. Indarkeriazko harremanak nolabait zalantzan jartzen du emakumearen bikotekide ona izateko gaitasuna, baina amaren rolari eraso egiten zaionean, erreakzioa oso bestelakoa da; emakumeek asko zaintzen dute rol hori. Saiatzen dira aldentzen eta bereizten bikote harremanetik; hau da, pentsa dezakete zorte txarra izan dutela, euren bikote harremanak ez duela funtzionatzen, baina zinez axola zaie ama ona izatea. Identitate horri eraso egiten diotenean, sentitzen dute sakon jartzen duela zalantzan seme-alabak defendatzeko duten gaitasuna. Eta horrek zinez mintzen ditu. Andre askok sinesten dute bikotekidearen indarkeria beren kontrakoa soilik izango dela, eta seme-alabak babestuta daudela. Eta haurrei eragiten diela ohartzen direnean jartzen diote etena bikotekidearekin duten harremanari. Era berean, gehien sufritzen duten unea ere hori izan ohi da.

Eta zein ondorio du amak seme-alabekin duen harremanetan?

Hainbat faktoreren araberakoa da: seme-alaben adina, ordura arte izan duten harremana, amak haurrak defendatzeko izan duen aukera, umeek amaz gain izan duten babesa, erasotzailea aita edo amaren bikotekide bat izan den... Istorio bakoitza oso desberdina da. Edonola ere, argi dago harreman horietan eragin egiten duela, norabide ezberdinetan bada ere. Adibidez, ume asko euren amen defendatzaile bilakatzen dira. Ondorioak ez dute zertan negatiboak izan.

Zergatik da hain ohikoa emakumeek nahi izatea haurren eta aitaren —erasotzailearen— arteko harremana mantentzea?

Gizartean bada sinesmen bat dioena hobe dela aita bat izatea, nola edo hala, ez izatea baino. Kultura patriarkalean oso figura garrantzitsua da aitarena. Gizonak umeekin duen jarreraren gainetik dago figura bera. Biktima diren andreek oso barneratua izan ohi dute ideia hori. Sinetsia dute umeek figura maskulino bat behar dutela gurasoen osotasunerako. Gezur handia da hori. Emakume askori kostatu egiten zaie horri buelta ematea eta ohartzea haien aurkako indarkeria seme-alabek zuzen-zuzenean jasaten dutela. Hau da, tratu txarrak egiten dituen bikotekidea ezin dela aita ona izan.

Milaka ume bizi dira euren amen aurkako etengabeko indarkeriarekin. Biktima izaera aitortzen zaie orain, baina beti egon dira bigarren planoan.

Oso atzeratuta goaz errealitatearekiko. Umeak beti egon dira hor, euren amen kontrako indarkeria ikusten eta ondorioak sufritzen. Baina gizarteak ukatu, minimizatu, justifikatu eta ezkutatu egiten du indarkeria hori. «Kasu bakanak dira», esaten zen. Baina haur horiek guztiak beti egon dira hormaren bestaldean. Indarkeriaren normalizazioaren biktimak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.