Egunean 2,8 ordu ematen dituzte gizonek seme-alabekin, batez beste. Andreek, berriz, 4,7 ordu. Gizonek, beraz, andreek baino bi ordu gutxiago eskaintzen dizkiete seme-alabei. Zazpi gizonetik bakar batek eskaintzen die andreek adina ordu; bikoteko bi kideek lan egiten duten kasuetan ere, antzera errepikatzen dira datu horiek, Eustatek atzo aurkeztutako inkestaren arabera.
Zaintzan bakarrik ez, etxeko lanetan ere denbora gutxiago ematen dute gizonezkoek. Egunean bi ordu baino gutxiago egiten dituzte gizonen %90,8k. Andreen herenek, aldiz, hiru ordu eta gehiago eskaintzen dizkiete etxeko lanei. Eustatek galdetutako emakumeen %17 inguru oso atsekabetua dago gizonezkoek etxean eta zaintzan egiten duten lanarekin. Aldiz, bost gizonetik lau «oso gustura» daude haien bikotekide andrazkoek etxean eta zaintzan egiten duten lanarekin.
Etxetik kanpo ere lan egiten duten andrazkoen artean, erdiek gustura zaintzen dituzte seme-alabak, baita etxeko lanak egin ere, Eustatek dioenez. Lan horiek gogo onez egiten dituela adierazi dute hamar gizonetik lauk.
Hala ere, lau pertsonatik batek erantzun du lana eta etxeko bizitza ondo eramateko zailtasunak dituela. Etxeko lanak egiteko denborarik ez dutela esan dute hamar pertsonatik bik.
Haurren %52ren zaintzaz familiako beste kide batzuk arduratzen dira gurasoak lanean ari diren orduetan.
Andreek baino bi ordu gutxiago ematen dituzte gizonezkoek seme-alabekin
Haurren erdiak baino gehiago familiako beste kideek zaintzen dituzte gurasoak lanean ari diren bitartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu