Androiden da jada Jaurlaritzak garatu duen aplikazioa koronabirusaren inguruan

'Covid19.eus' du izena, eta herritarren sare bat sortzea du helburu. IOSeko bertsioa datozen egunetan egongo da jaisteko moduan.

2020ko martxoaren 28a
14:10
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak Covid.eus aplikazioa aurkeztu du gaur. Koronabirusa geldiarazten laguntzeko asmoz sortu dute, EricTel enpresarekin batera. Asmoa da laguntzea haren prebentzioan, detekzioan eta bilakaeraren berri izaten. Lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da, eta dagoeneko eskuragarri dago Androiden; laster prest egongo da IOSen ere. Tresnak OMEren eta Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroaren eredu bera erabiltzen du. Aurkezpenean, sailburuarekin batera izan dira BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioko zuzendari Iñaki Gutierrez eta ERICTEL ingeniaritzako euskal enpresako presidente Mikel Carcedo.

Osasun Sailak azaldu du "ebidentzia zientifikoan" oinarrituta dagoela aplikazioa, eta "berme guztiak" betetzen dituela. Gainera, azpimarratu dute datuak modu "anonimoan" zabalduko direla. Alta emateko, bi gauza soilik beharko dira: posta edo sakelako telefono bat (kontu faltsua ez dela egiaztatzeko) eta posta kodea, erabiltzailea non bizi den jakiteko. Hori guztia anonimotasuna zaintzeko eta datuen babesa betetzeko helburuarekin.

Aplikazio horrekin, edonork aukera izango du autodiagnostiko baten bidez bere osasun egoera gehitzeko eta bere hurbileko zirkuluarena eransteko: familiakoena, lagunartekoa, lanekoa edo hezkuntzakoa. "Pertsona guztiak elkarrekin konektatuta egongo dira, ohiko gomendioak jasoko dituzte, beren osasuna kontrolatuko dute egunez egun, eta besteen egoera ikusiko dute. Horrek, prebentzioa oraindik ere gehiago areagotzen lagunduko du".

Osasun Sailari eta Osakidetzari modua emango die etxean sintomekin dauden pertsonak gehiago ezagutzeko eta haien berri izateko zuzenean, betiere modu anonimoan, Jaurlaritzak jakinarazi duenez. "Laguntzako osasun profesionalek egunero emango diete estaldura berrogeialdian dauden eta birusaren eragin arina edo moderatua duten pertsonei, larriagotze posible bat aurreikusten saiatzeko".

Epidemiologia taldeen lanerako errefortzu gisa ere balioko du. Izan ere, kasuak non dauden kokatu ahal izango dute, eta, behar izanez gero, transmisio handiko eremuetan esku hartze indibidualizatuagoak egin ahal izango dituzte, diagnostikorako eta kontrolerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.