Anduezak Alderdi Sozialistaren «gobernatzeko era» defendatu du

Anduezak Txibiteren, Pageren eta Barbonen babesa jaso du Donostian egindako ekitaldian. PSE-EEko buruak eredu gisa aurkeztu ditu.

Page, Andueza, Txibite eta barbon, gaurko ekitaldian, Donostian. AMAYA DIAZ-EMPARANZA
Page, Andueza, Txibite eta barbon, gaurko ekitaldian, Donostian. AMAYA DIAZ-EMPARANZA
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 23a
13:50
Entzun

«Sozialisten gobernatzeko era» goratu du Eneko Andueza PSE-EEren lehendakarigaiak Donostian egindako ekitaldian. Hartan, Maria Txibite Nafarroako gobernuburuaren babesa jaso du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, baita Gaztela-Mantxako Emiliano Garcia Pagerena eta Asturiasko Adrian Barbonena ere. Hain zuzen, Espainiako Gobernuarekin batera, PSOEren boteregune nagusietako buruak. Horiek, Anduezaren esanetan, bestelako gobernantza eredu bat irudikatzen dute, «eskuinaren desgobernutik» aldendua: «Herritarrak ekintza politikoaren zentroan jartzen dituena, eta benetako arazoez kezkatzen eta arduratzen dena».

Azken asteetako ekitaldietan oso presente izan duen ideia bat berretsi du Anduezak gaur ere: alderdi sozialistak ordezkatzen duela «gobernatzen duen ezkerra», eta, ondorioz, PSE-EE dela «Euskadin behar duen ezkerra». Horretarako, sozialisten lehendakarigaiak estatuko beste erkidego batzuetako buruak —PSOEren esku dauden bakarrak— batu nahi izan ditu, horien jarduna PSE-EEk Eusko Jaurlaritzatik egin dezakeenaren adibide gisa aurkezteko asmoz.

Horiek hala, Anduezak arlo sozialean zentratu du bere hitzaldia, eta aipamen berezia egin dio osasungintzari. Izan ere, PSE-EEko idazkari nagusiak bere alderdiak iraganean izandako rola goraipatu du; zehazki, Patxi Lopez lehendakariaren gobernuan Rafael Bengoa Osasun sailburuarena. «Sozialistok imajina genezakeena baino gorago eraman genuen Osakidetza; Euskadi benetako erreferente bat izan zen osasun politiketan». Hartara, gehitu du PSE-EEk izan behar duela orain Osakidetzaren egoera birbideratu behar duena.

Gaurkoan, Anduezak ez du hitz zehatzik egin alderdi abertzaleen asmo «independentista eta subiranisten» inguruan, baina «Espainiaren parte izatearen zortea» nabarmendu du, eta argudiatu estatua «pluralitatearen, aniztasunaren, bizikidetzaren, ezberdinengatiko errespetuaren» sinonimo dela: «Osasungintzaz, hezkuntzaz, etxebizitzaz, segurtasunaz eta herritarren ongizateaz arduratzen den herrialde bat».

Hala, lehendakaritzarako hautagaitza babesteko erabili duen beste argudioa «kogobernantza» beharra izan da; zehazki, Espainiako Gobernuaren eta erkidegoetako gobernuen artekoa. Izan ere, argudiatu du batean zein bestean Alderdi Sozialista agintean dagoenean herritarrentzat «gauzak askoz hobe» doazela. Hain zuzen, horren adibidetzat jo ditu Nafarroa, Gaztela-Mantxa eta Asturias.

AHTa, «lehenbailehen»

Txibitek ere hizpide izan ditu Anduezak aipatutako zenbait elementu. Eskuinaren jarrerari dagokionez, aurreko astean Nafarroako Parlamentura sartzeko saiakera txarretsi du, eta eskuinaren politika egiteko moduetatik aldendu beharra nabarmendu. Bestetik, gizarte politiketan zentratzeko beharra azpimarratu du, horretarako nazio auzia bigarren maila batean utzita: «Utz ditzagun eraikuntza nazionalak, eta zentratu gaitezen politika baliagarrietan». Enplegua, etxebizitza, azpiegiturak eta industriaren trantsizioa aipatu ditu. Eta, are gehiago zehaztuta, AHTa izan du hizpide, Hego Euskal Herriko lau lurraldeak «lehenbailehen» haren bidez lotzearen alde eginda.

Barbonek eta Pagek, berriz, Anduezaren «koherentzia» nabarmendu dituzte, eta PSOEren politika egiteko era babestu. «Axola du nork gobernatzen duen; ez da gauza bera zerbitzu publikoen aldeko apustua egiten dutenek egitea, edo osasungintza norberaren poltsikotik ordaintzea nahi duten horiek», esan du Asturiasko presidenteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.