Eusko Legebiltzarra eratzeko osoko bilkura hilaren 14an egingo dute

Anduezak esan du Jaurlaritza osatzeko ituna «aurki» itxiko dela, «ez bada ezer okertzen». PSE-EEko hamabi legebiltzarkideek gaur hartu dituzte izendapen agiriak.

Eneko Andueza bere izendapen agiria hartzen, Eusko Legebiltzarrean, gaur. L. RICO / EFE
Eneko Andueza bere izendapen agiria hartzen, Eusko Legebiltzarrean, gaur. L. RICO / EFE
xabier martin
2024ko maiatzaren 7a
11:50
Entzun

Aurreikuspenak betez, Diputazio Iraunkorreko Mahaiko presidente Bakartxo Tejeriak berretsi du gaur zortzi, hilaren 14an egingo dutela legegintzaldi berriari hasiera emango dion osoko bilkura, Eusko Legebiltzarra eratuko duena. Bateraezintasunen Batzordea, berriz, bi egun geroago bilduko da. Hilaren 23an, ostegunarekin, onartuko du ganberak haren irizpena, eta Eusko Legebiltzarreko lehendakariak jakinaraziko du noiz izango den inbestidura saioa hurrengo Eusko Jaurlaritza osatzeko. 23ko gau horretan abiatuko da Europarako hauteskundeetarako kanpaina, hain zuzen.

Eusko Legebiltzarra osatzeko bilkura 10:00etan hasiko da, eta egun horretan aukeratuko dute Eusko Legebiltzarreko Mahaia osatuko duten bost ordezkariak nortzuk izango diren. Itxura guztien arabera Tejeria laugarrenez izango da Eusko Legebiltzarreko lehendakari, baina ikusteko dago gainerako lau eserlekuak nola banatuko dituzten. 

Bozen osteko indar harremanen arabera, 27na eserleku eskuratu zituzten EAJk eta EH Bilduk, eta hirugarren indarra PSE izan zen, hamabi ordezkarirekin. Beraz, pentsa liteke bina ordezkari izango dituztela EAJk eta EH Bilduk, eta sozialistentzat izango dela azkena. Baina gaur zortzi egingo den bozketan erabaki beharko da hori. Beraz, aldez aurretik alderdien artean adostasunik ez badago, emaitza alda daiteke.

Bien bitartean, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean, aukeratutako legebiltzarkideak beren izendapen agiriak hartzen dabiltza. PSE-EEko 12 parlamentarien txanda izan da gaur. Gasteizko ganberan mintzatu zaie Eneko Andueza idazkari nagusia oraindik hasi ez den legealdian eserlekua izango dutenei, eta esan die «aurki» itxiko dutela PSEk eta EAJk Eusko Jaurlaritza osatzeko akordioa; «ez bada ezer okertzen», erantsi du, eta gogoratu PSEk «erabaki gaitasun handiagoa» duela azken bozen emaitzei erreparatzen bazaie. 

Atzo jaso zituzten EAJko legebiltzarkideek, eta horien aurretik Sumarrekoek eta Voxekoak. Bihar jasoko dituzte PPkoek, eta datorren astelehenean EH Bildukoek, EAJrekin batera parlamentari gehien izango dituen indar politikokoek, 27na eserleku baitituzte.

Gaitasun handiagoa negoziatzeko

Aurreko legegintzaldian hamar legebiltzarkide izan zituen PSEk, eta hastear den honetan hamabi izango ditu, ehunka boto batzuen aldez Gipuzkoako azken eserlekua eta Bizkaiko azkena lortu zituelako. Kanpainaurrean «gidoi aldaketa» bat defendatu zuela gogoratu du Anduezak, eta ziurtatu du bi legebiltzarkide gehiago edukitzeak gobernua eratzeko «gaitasun handiagoa» ematen diola PSEri. «EAJrekin dugun negoziazioak aurki emaitzak ematea espero dugu. Erronka handiei erantzunak emango dizkien programa ahaltsu bat nahi dugu, gobernu sendo eta aurrerakoi bat».

Hala, ohartarazi du PSEk ez duela «denbora alferrik galduko», baina «behar den denbora» eskainiko dio «Euskadik merezi duen akordioari». Itun horren funtsean egon beharko dute, Anduezaren arabera, «osasun gaiek, trantsizio ekologikoak, mugikortasun jasangarriak, enpleguak eta etxebizitzak». PSE-EEko buruak ez du gobernu berriaren sailen banaketaz hitz egin, baina Anduezak badaki «espekulatu» egiten dela. «Ez dugu arreta galdu nahi, ez dugu endredorik nahi etorkizun hobea eraikitzeko lanean: ez diegu iruzurrik egingo euskal herritarrei».

Negoziazioak, bide onetik

Itxaso Atutxa BBB Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ere adierazi du Eusko Jaurlaritza osatzeko negoziazioak bide onetik doazela, baina ez du behin betiko itunik espero Europako Parlamenturako bozak egin arte. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan adierazi du «denbora» behar dela «oinarrizko testu on bat» adosteko. Sailen banaketaz, berriz, esan du «dena zabalik» dagoela oraindik. Hala ere, azpimarratu du garrantzitsuena denek elkarrekin lan egitea dela, «gobernu bakarra» osatuta.

Legebiltzarreko Mahaiari buruz ere hitz egin du Atutxak, eta adierazi du egokia litzatekeela jeltzaleek eta subiranistek bina ordezkari eta sozialistek ordezkari bat izatea, ganberaren osaketaren «isla» delako. Baina uste du «aukera bat» litzatekeela «aniztasuna» islatuko lukeen beste banaketa bat adostea, nahiz eta ez duen uste EH Bildu bi ordezkaritzatik bat emateko prest dagoenik. Hala ere, gogorarazi du Mahaiaren banaketa ez dela «automatikoa»; ordezkari bakoitza aukeratu eta bozkatu egin behar baita. «Edozer gerta liteke», ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.