Sekula baino irekiagoa dago jokalekua, eta zaila da jakitea nor izango den datozen lau urteetan Ajuriaeneko maizterra. Baina itunak ezinbestekoak izango dira; hori ez du inork zalantzan jartzen. Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaiak badaki bere esku egon daitekeela gobernabidearen giltza, eta bozen osteko aliantzez argi eta garbi ari da hitz egiten aspaldi honetan. Gaur ere hala hitz egin du, Gasteizen: «Ez dugu EH Bildurekin itunik egingo. Ez dugu arriskuan jarriko Euskadiren egonkortasuna, ez gara inolako abenturatan sartuko. PSE-EE euste dikea izango da EH Bilduk goberna ez dezan».
PSE-EEk Gasteizko Europa jauregian egin du hauteskunde kanpainako bigarren eguneko ekitaldi nagusia, eta han izan da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ere. Ehunka militante sozialisten babespean, mezu bera azpimarratu dute Anduezak eta Sanchezek: jokoan dago gobernu «aurrerakoi» bat izatea, eta sozialistek baino ez dute «politika eraldatzaileak» egiteko giltza. Aroa Jilete Arabako zerrendaburuak ere berretsi du ideia hori: «Politikak pertsonengan pentsatuta kudeatzen jarraitzeko bermea gara».
Bozak «erabakigarriak» izango direla esanez abiatu du Anduezak bere hitzaldia, eta hauteskunde osteko koalizio itunez esandakoa berretsi du gero: «Batzuk tematzen dira esaten bozak EAJren eta EH Bilduren arteko lehia bat direla. Eta ez da egia. Egia bakarra da ez digutela begia kentzen, badakitelako sozialistok zeresan handia izango dugula apirilaren 21etik aitzin, giltzarri izango garelako gobernuan».
PSE-EEko idazkari nagusiak ez du zehaztu EAJrekin egun duen koalizio gobernua berriro osatu nahi ote duen, baina bai norekin ez lukeen osatuko: EH Bildurekin. «Presidente jauna: zuk esango diezu berriro, ala nik?», galdetu dio Anduezak Sanchezi, ironiaz. «Berriro errepikatuko diet: guk ez dugu Bildurekin itunik egingo». Anduezak azpimarratu du sozialistek «egonkortasuna» ordezkatzen jarraituko dutela, gizarte politika «aurrerakoiak» defendatzen, zerbitzu publikoak sustatzen eta kalitatezko enplegua sortzen, baina hori hala izan dadin «indartsu» irten behar dutela bozetatik.
«Batzuk tematzen dira esaten bozak EAJren eta EH Bilduren arteko lehia bat direla. Eta ez da egia. Egia bakarra da sozialistok zeresan handia izango dugula apirilaren 21etik aitzin».
ENEKO ANDUEZA PSE-EEko lehendakarigaia
Eta boto guztiak dira ezinbestekoak xede horretan, baita jeltzaleenak eta ezker federalista ordezkatzen dutenenak ere. Bi eremu horietan arrantza egiteaz disimulurik gabe mintzatu da Andueza: «EAJrekin desilusioa hartu eta abentura subiranistarik nahi ez duten horiei esaten diet aukerarik hoberena dela PSE-EEri botoa ematea. Eta elkarren mokoka dabilen ezker horri botoa eman diotenei esaten diet gu garela benetako ezkerra».
Sanchezen babesa
Anduezak ez bezala, Sanchezek ez du hauteskunde osteko koalizio posibleez hitz egin, eta ez ditu EAJ eta EH Bildu kritikatu. Begi bat Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan jarrita hitz egin du, baina bestea Espainiako gobernagarritasunean duela; eta PSOEko idazkari nagusi gisa bainoago, Espainiako Gobernuko presidentearen trajea jantzita mintzatu da. Iaz Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan PSOEri botoa eman ziotenei eskatu die berriro ere sozialistengan konfiantza jartzeko, alegia, «datozen lau urteetako politiken norabidea erabakiko duenari» emateko botoa. «Gure proiektu politikoa eskubideetan, elkarbizitzan eta enpleguan ardaztuta dago, Espainian eta Euskadin», gogoratu die.
«Sozialistok lehentasunen artean ditugu zerbitzu publikoak indartzea, berrindustrializazioa, negu demografikoari aurre egitea eta kultura plurala eta ez-uniformea sustatzea».
PEDRO SANCHEZ Espainiako Gobernuko presidentea
Aurrean diren erronkei «bermeekin» heldu ahal izateko, PSE-EE «indartsu» egotea funtsezkoa da, Sanchezen ustez. Haren hitzetan, sozialistek lehentasunen artean dituzte zerbitzu publikoak indartzea, berrindustrializazioa, «negu demografikoari» aurre egitea, eta «kultura plurala eta ez-uniformea» sustatzea. «Hitzematen dut Espainiako Gobernuko presidente naizen aldetik, Euskadik erronka horiei guztiei erantzuteko lan egingo dudala». Orain arte ere hala egin duela gogoratu nahi izan du, esanez Espainiako Gobernuaren ahaleginari esker Euskal Autonomia Erkidegoa «berrindustrializatu» egin dela eta enplegua sortu dutela, besteak beste, Mercedes Benzek Gasteiz duen instalazioetan inbertituta.