Anduezaren iritziz, PSE-EE da «politika progresisten bermea»

PSE-EEko hautagaiak berretsi du ez duela gobernu itunik egingo EH Bildurekin. Sozialisten ustez, bozetako gakoa da «gauza bera egiten jarraitzea» edo «gauzak aldatzea».

Ezkerretik, Aroa Jilete Arabako hautagai sozialista, Eneko Andueza Bizkaikoa eta Denis Itxaso Gipuzkoakoa, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Ezkerretik, Aroa Jilete Arabako hautagai sozialista, Eneko Andueza Bizkaikoa eta Denis Itxaso Gipuzkoakoa, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko apirilaren 3a
12:15
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina hastear delarik, horretan erabiliko duen leloa aurkeztu du PSE-EEk: Vota al que decide - Erabakia zurea da. Izan ere, kanpainaurrean egin bezala, ideia hori indartu nahi dute sozialistek bozei begira, Eneko Andueza lehendakarigaiak Bilbon azaldu duenez: alegia, apirilaren 21eko hauteskundeen ostean PSE-EE «erabakigarria» izango dela, eta hari egokituko zaiola, Eusko Jaurlaritzaren osaketa ez ezik, horrek hartuko duen «norabidea» ere hautatzea. «Alderdi sozialista da politika progresisten bermea», esan du Anduezak; «PSE-EE indartsua bada, ziurtatuta daude ezkerreko politikak, jendearen beharrizanetan zentratuak eta bizikidetza bermatzen dutenak».

Hauteskundeen osteko itunak ere mintzagai izan ditu Anduezak, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez EAJren eta PSE-EEren arteko ituna berriro osatzearen alde agertu ondoren. Lehendakarigai sozialistak esan du kanpainaurrean «argi» mintzatu dela horren inguruan, eta Sanchezen adierazpenek berretsi dutela Anduezak orain arte esandakoa: «Ez dut Otxandiano lehendakari egingo, eta ez dut EH Bildurekin inolako gobernu akordiorik izenpetuko».

Anduezaren hitzetan, hiru dira EH Bildurekin ados jartzeko ezintasuna azaltzen duten arrazoiak: alde batetik, bi indarrek proposatzen duten «herri eredua» oso desberdina da; «gu ez gara independentziaren aldekoak, ez gara inoiz izan eta ez gara inoiz izango; gure eredua eta EH Bilduk proposatzen duena guztiz kontrajarrita daude». Beste alde batetik, «gobernatzeko moduak» ere oso bestelakoak dira, Anduezaren iritziz: «EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundia eskuratu zuenean argi ikusi zen inposizioa dela haien gobernatzeko era; gu, aldiz, elkarrizketa sustatzearen aldekoak gara». Azkenik, Anduezak uste du EH Bilduk oraindik «ibilbide etikoa» egin behar duela, eta «terrorismoa» gaitzetsi, «PSE-EEk terrorismo mota guztiak gaitzesten dituen moduan».

EH Bildurekin gobernu ituna egitea alboratuta, PSE-EAJ akordioa berrestea litzateke aukera egingarri bakarra, baina horretaz zuhur agertu nahi izan du Anduezak: «Nik argi esan dut norekin ez dudan itunik egingo, baina ezin dut esan norekin egingo dudan, hori ez baitago soilik nire esku». Eta aukera baliatu du EAJren prestasuna zalantzan jartzeko: «2011n, EH Bildu Gipuzkoan gailendu zenean, EAJk gobernatzen utzi zion. Beraz, haiek argitu beharko dute oraingoan berdin egiteko prest egongo ote liratekeen».

Biren arteko lehia

Kanpaina honetarako PSE-EEk ezarritako beste helburuetako bat da hauteskundeak EAJren eta EH Bilduren arteko lehia hutsa balitz bezala aurkezteko ahaleginak zapuztea: «Txapelketa hau ez da bi talderen artekoa, nahiz eta batzuek interes handia duten horrela aurkezteko. Hau ez da EAJren eta EH Bilduren arteko norgehiagoka. Auzia beste bat da: berdina egiten jarraitzea, edo gauzak aldatzea. Eta PSE-EEri botoa ematea bigarren aukera horren alde egitea da».

Anduezaren hitzetan, PSE-EE da «aldaketaren bermea», gauzak berdin egitea proposatzen dutenen aurrean. Bi tresna aipatu ditu ideia hori indartzeko: alde batetik, sozialistek erakundeetan egindako «kudeaketa ona», eta, beste aldetik, hauteskunde programa: «Harrokeriarik gabe diogu: geurea da hauteskunde programarik onena, alde handiz gainera».

Sozialistek kalkulatzen dute hautesleen %40k kanpainaren arabera erabakiko dutela nori eman botoa, eta, horregatik, «baikor» agertzen dira: «Inkesta guztietan goranzko joera iragartzen digute, eta badakigu normalean PSEren emaitzak inkestetakoak baino hobeak izaten direla. Beraz, uste dut apirilaren 21ean indarturik aterako garela».

Anduezak esan duenez, haien asmoa da «kanpaina garbia eta gardena» egitea: «Jakina, geure burua defendatuko dugu guri buruzko gezurrak esaten badituzte, baina gure asmoa ez da lokatzetan aritzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.